Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Estatuen arteko koordinazioa, beharrezkoa koronabirusaren bigarren olatuari eusteko

Agentziak | eitb.eus

Europako estatuek ez badute euren deseskalatzeak koordinatzen, birusa aurreikusitakoa baino bost aste lehenago indartu liteke, Southamptongo unibertsitatearen ikerketa baten arabera.

  • Parke bat Dusseldorfen, Alemania.

    Parke bat Dusseldorfen, Alemania. Argazkia: EFE

Science aldizkarian argitaratutako Southamptongo unibertsitatearen (Erresuma Batua) ikerketa baten arabera, Europako estatuen arteko koordinazioa oinarrizkoa da koronabirusaren bigarren olatu bat geldiarazteko. Zientzialariek Googleren eta telefono mugikorren datuak aztertu dituzte.

Adituen arabera, Europako estatuek ez badute euren deseskalatzeak koordinatzen, birusa aurreikusitakoa baino bost aste lehenago indartu liteke, kontinentean zehar transmititua izateko duen erraztasunagatik.

Hala ere, herrialdeek koordinazioaz jokatzen badute, zientzialariek aurreikusten dute itxialdiak erdira murriztuko liratekeela.

Nick Ruktanonchai doktorearen arabera, Europan koronabirusaren bigarren olatua hasteko momentua biztanle gehien dituzten eta albokoekin lotura estuenak dituzten herrialdeek hartzen dituzten neurrien araberakoa izango da.

Ikerketaren arabera, Frantzia, Alemania, Italia, Polonia eta Erresuma Batua dira gaixotasuna transmititzeko arrisku handiena dutenak.

Europa berragertzeen aurrean

Hego Euskal Herrian bost egunean eguneko positiboak hirukoiztu diren bitartean, Espainiar Estatuak alarma egoera bukatu zenetik izandako kopuru handienaren berri eman du azken orduetan.

Europako beste estatuetan ere berragertzeek sortzen dute kezka.

Frantzia

Egonkor samar jarraitzen du egoerak, baina neurriak ez betetzeak kasuen igoera ekarri du. Frantziako Iparraldea dago bereziki kaltetuta, 31 fokurekin.

Deseskalatzea hasi zenetik 497 agertze egon dira, eta 313 desagertuta daude dagoeneko. Epidemia Mayenne departamentuan izaten ari den bilakaera azkarra da momentu honetan kezka iturri nagusia.

Portugal

Lisboa eskualdeko egoerak herrialdeko okerrena izaten jarraitzen du. Hilabete baino gehiago eman du herrialde osoko kasu berrian % 80 izaten. Momentuz, 161 berragertze daude aktibo Portugalen, ehun baino gehiago hiriburuan.

Lisboa eskualdean murrizketak daude oraindik, maila desberdinetan. Udalerri batzuetan etxean geratzeko agindua mantentzen da, eta besteetan murrizketak daude tabernetan. Gainontzean, alerta egoeran jarraitzen du herrialdeak, baina babes eta distantzia neurriekin besterik ez.

Italia

Lasai samar dago herrialdea, batez ere martxoko eta apirileko egoerarekin alderatuta. Hala ere, oraindik zenbait momentutan gora egiten du epidemiak. Azken egunetan 200 bat kasu berri izan dira, eta hildakoak 15 izaten dira.

Ez dute berriz itxialdia ezartzeko asmorik, eta egon diren fokuak azkar kontrolatu dituzte. Asko kanpotik etorritakoak dira.

Alemania

Agintarien arabera, egonkor, eta azken asteetako berragertzeak arazorik gabe kontrolatu dituzte.

Gutersloh hiriko hiltegian izandako berragertzeak 640.000 bat pertsona konfinatzea ekarri zuen ekainean, eta Gobernua kritikak jaso zituen. Aste honetan, Gobernua eta estatu federalek tokian tokiko estrategia zehatzago ba adostu dute. Berragertzearen jatorria identifikatu eta lotutako kasuen miaketa eta testak egin nahi dituzte.

Belgika

Apirilean milioi biztanleko kasu gehien zituen herrialdeen artean zegoen. Epidemia kontrolatzea lortu zuen gero, baina konfinamendua arinduz joan den bitartean, infekzioek gora egin dute. Egunean 114 kasu berri izaten dira uztailean, batez beste.

Erresuma Batua

45.000tik gora dira COVID-19rengatik hildakoak, eta Gobernua bigarren olatu bati aurre egiteko prestatzen ari dira. Zientzialarien arabera, lehenengoa baino larriagoa izango omen da, eta 120.000 pertsona hil lezake neguan.

Berragertze nagusiena Leicesterren dago. Bertan, tabernek eta jatetxeek itxita jarraitzen dute, eta oraindik mugikortasun osoa ez dute berreskuratu. Ekonomia gogor kolpatu du osasun krisiak.