Gizartea
Koronabirusa
Zarautzek udalekuak bertan behera utzi ditu, COVID-19ko hiru positiborengatik
Agentziak | Erredakzioa
Hain zuzen ere, bi begiralek eta udalekuetan zegoen adingabe batek eman dute positibo. Horregatik, ostiralean 150 PCR probatik gora egin dituzte, hiru kasu horiekin lotuta.
-
Zarauzko hondartza, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.
Zarauzko Udalak erabaki du, ostiral honetan, udalekuak bertan behera uztea; izan ere, COVID-19ko hiru kasu positibo atzeman dituzte, udalekuekin lotuta.
Hain zuzen ere, bi begiralek eta udalekuetan parte hartzen ari zen adingabe batek eman dute positibo.
Hori dela eta, egunean zehar, 37 begiraleri eta 125 adingaberi egin dizkiete PCR probak.
Gainera, azken orduetan, Zarautzen, guztira 850 PCR proba egin dituzte, anbulatorioko aparkalekuetan jarritako karpetan. Proba gehienak gazteei egin dizkiete, aurreko asteko asteazkenean eta larunbatean festa batzuetan izandako hainbat gazteri.