Gizartea
COVID-19
Lau milioi pertsonari etxetik ez ateratzeko gomendioa, Bartzelonan eta Lleidan
Agentzia | Erredakzioa
Azken astean koronabirus kasuak hirukoiztu egin dira Bartzelonan eta haren metropoli-barrutian, eta Segria eta Noguera Lleidako eskualdeetan.
Bartzelona eta haren metropoli-barrutiko, eta Segria eta Noguera Lleidako eskualdeetako lau bat milioi pertsonari etxetik ez ateratzeko gomendioa eman die Kataluniako Gobernuak, lanera joateko edo ezinbesteko erosketak egiteko ez baldin bada; izan ere, azken astean COVID-19 kasuak hirukoiztu egin dira zonalde horietan.
Meritxell Budo, Alba Verges eta Miquel Buch Presidentetza, Osasun eta Barne kontseilariek, hurrenez hurren, agerraldia egin dute ostiral honetan, neurriaren berri emateko. Procicat erakundearen markoan, Kataluniako biztanleen erdiari mugimenduak eta bizitza soziala murrizteko neurriak hartu dituzte.
Konkretuki, lau bat milioi pertsonari eragingo diete neurriek Bartzelonako metropoli-barrutian: hiriburua, Viladecans, El Prat de Llobregat, Sant Joan Despi, Sant Boi de Llobregat, Cornella, Sant Just Desvern, Esplugues de Llobregat, L'Hospitalet, Montcada i Reixac, Santa Coloma de Gramenet, Sant Adria de Besos eta Badalona.
Lleidan, Segriako zazpi udalerrik perimetroa itxita zuten dagoeneko, baina mugikortasuna eta bilera sozialak murrizteko gomendioa 30 bat udalerrira zabaldu dute, Noguerako eskualde osora eta gainerako Segria.
Transmisio komunitario “indartsua”
Alba Verges Osasun kontseilariak ziurtatu duenez, etxetik ez ateratzeko gomendioa eman duten zonaldeetan transmisio komunitario “indartsua” dago. Horrela, COVID-19 kasuak hirukoiztu egin dira azken astean, onartu duenez, baina datu zehatzik eman gabe.
Kataluniako ospitaleetako larrialdietara paziente gehiago heltzen ari direla aitortu du Osasun kontseilariak. Horietako batzuk ZIUn daude.
"Ospitaleak estutasunean jarri baino lehen ekin behar dugu", esan du agintariak, pandemiaren lehen olatuan gertatu bezala.
Hamar pertsona baino gehiagoko familiarteko bilerak eta irteera sozialak saihestea eskatu du Vergesek, "kutsatze gehienak testuinguru horietan gertatzen direlako", ziurtatu duenez.
"Jendeak erabakitzen jakin eta arriskuen berri izan behar du", azpimarratu du Vergesek. Osasun kontseilariaren ahotan, kasuen kopuruak behera egiten ez baldin badu "neurri zorrotzagoak hartu beharko ditugu", erabateko konfinamendua esaterako.
Bestalde, Meritxell Budok ziurtatu duenez, Sant Jordi jaia "ez ospatzeko aukera handiak" dira. Jadanik apirilaren 23an bertan behera utzi behar izan zuten konfinamenduagatik, eta uztailaren 23ra atzeratu zuten: "Gaia aztertzen ari gara, sektorearekin hitz egin behar dugu".
Epaileak Generalitatearen neurriak babestu ditu
Bestalde, epaileak atzera bota du Fiskaltzaren eskaera eta Kataluniako Gobernuak ezarriko dituen neurri guztiak legezkoak direla ebatzi du.
Bartzelonako epaitegiaren arabera, hamar pertsonatik gorako taldeak debekatzeak ez du biltzeko oinarrizko eskubidea urratzen: "osasun publikoa bermatzeko asmoz eskubide horri ezartzen zaion muga zuhurra eta arduratsua da".
Gauzak horrela, larunbatean, 09:00etan, sartuko dira indarrean kutsatzeak gelditzeko neurri murriztaileak. Hala, leku berean ezingo dira 10 lagun baino gehiago elkartu, tabernen eta jatetxeen edukiera % 50era mugatuko dute eta zinemak, antzokiak, gaueko tabernak eta gimnasioak itxi egingo dituzte.