Itxi

Gizartea

Koronabirusa

PCR probak egitea eskatu diete Zarautzen ikasturte-amaierako jaietan egondakoei

EiTB.EUS

Uztailaren 8an eta 12an jaietan izan ziren gazteei eskatu die Osasun Sailak etxean geratzea eta osasun-zentrora deitzea, testak egiteko.

1:33
850 test baino gehiago egingo dituzte gaur. ETBren bideo batetik ateratako irudia.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak "Zarautzen uztailaren 8an eta 12an ikasturte-amaierarekin lotutako jaietan" izandako gazteei eskatu die etxean gera daitezela, arrisku-taldeekin kontakturik izan ez dezatela, eta osasun-zentroetara dei dezatela, PCR proba egin diezaieten.

Zehazki, eskaria Zarauzko Malekoiako tabernetan egindako festetan izan ziren ikasleei egin diete.

Ostalaritza-lokal horietako zenbait bezerok positibo eman dute, eta horregatik eskatu die Osasun Sailak, festa horietako parte-hartzaile guztiei, bakartuta egon daitezela.

Deia da Zarautzen bizi diren gazteentzat, zein beste herri batzuetan bizi direnentzat.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa izango da abuztuaren 1etik.