Gizartea
Koronabirusa
Tolosako alkatearen iritziz, udalerrian "ez dago komunitate-kutsatzerik"
Agentziak | Erredakzioa
Asteazkenean egindako 200 PCR probak negatibo eman dute, eta horren ostean esan du hori Olatz Peonek. Oraingoz, 25 positibo atzeman dituzte; horietako sei, ostegun honetan jakinarazi dituzte.
-
PCR probak Beotibar frontoian egiten ari dira. Argazkia: EFE.
Olatz Peon Tolosako alkateak ostegun honetan azaldu duenez, "badirudi ez dagoela COVID-19ko komunitate-kutsatzerik" udalerrian; izan ere, asteazkenean egindako 200 PCR probak negatibo eman dute.
Tolosan, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saila probak egiten ari da, Beotibar frontoian, modu masiboan. Azken astean, 25 kasu positibo atzeman dituzte; ostegun honetan, sei jakinarazi dituzte.
Peonek prentsaurrekoan esan duenez, Tolosan atzemandako positibo berriek Ordiziako fokuan atzemandako kutsadurekin "lotutako kasuak" izaten jarraitzen dute.
Osasun Sailak, asteazkenean, eskatu zien Elorri tabernan uztailaren 10etik 15ra artean egon diren herritar guztiei probak egiteko, lokal horrekin lotutako berragertze berria egoteko aukera ikertzeko. Taberna Lekuona Margolariaren kalean dago.
800 PCR proba, egunero
Komunitate-kutsatzea saihesteko, Osasun Sailak aurreikusita du egunero 800 PCR proba egitea, frontoian dauden karpetan, hurrengo egunetan, alkateak azaldu duenez.
Peonek, halaber, gogora ekarri ditu zein neurri murriztaile onartu dituen Eusko Jaurlaritzak Tolosan, Zarautzen eta Eibarren ezartzeko; ostalaritzan, edukiera % 50era murriztu dute, ordutegia 23:30era arte izango da mugatuta, eta barran ezin izango da kontsumitu.
Tolosak, gainera, gimnasioak eta gazteen lokalak itxiko ditu; auzolandegiek aurrera jarraituko dute, eta aisialdiko jarduerak zainduko ditu.
Kultura-jarduerak bertan behera utzi dituzte; azokak, aldiz, jarraituko du, segurtasun- eta garbitasun-neurriekin, baina postuak Triangulo plazara eramango dituzte.