Gizartea
KORONABIRUSA
Osasun Sailak Tolosa, Zarautz eta Eibarrera zabaldu ditu ostalaritzako neurriak
EITB.EUS
Herri horietan, ostalaritza-establezimenduen edukiera % 50era mugatu dute, barran kontsumitzea debekatuta dago, eta establezimeduek, gehienez ere, 23:30ean itxi beharko dute.
-
Taberna bateko terraza bateko mahaiak. Irudia: EFE
Osasun Sailak Ordizian ostalaritzaren arloan hartutako neurri murriztaileak Zararautz, Tolosa eta Eibar herrietara zabaltzea erabaki du. Neurriak bihartik aurrera aplikatuko dira, eta maskarak nahitaez erabiltzeari dagokionez gaur hartutakoen osagarriak dira, besteak beste.
Herri horietan, ostalaritza-establezimenduen edukiera % 50era mugatzen da, barran kontsumitzea debekatuta dago, eta establezimeduek, gehienez ere, 23:30ean itxi beharko dute. Txokoei eta elkarte gastronomikoei ere aplikatzen zaie neurria.
Gainera, jaiak, dantzaldiak eta ekitaldi herrikoiak bertan behera geratuko dira.
Bestalde, Osasun Sailak eta Osakidetzak Zarautzen uztailaren 8an eta 12an ikasturtearen amaierako ospakizunetan parte hartu duten pertsonei eskatu diete etxean egon daitezela, ez dezatela kontakturik izan arriskuko pertsonekin, eta jar daitezela harremanetan beren osasun-zentroarekin PCR proba bat egin diezaieten.