Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA NEURRIAK

EUDELek koronabirusaren kutsatzea ekiditeko gomendioak eman dizkie udalei

EITB.EUS

Tokiko autonomia oinarri hartuta, gomendioak udalerri bakoitzaren berezitasunetara egokituko dira, eta beti uneko neurri epidemiologikoen arabera.

  • Jendea maskarekin kalean. Irudia: EFE.

    Jendea maskarekin kalean. Irudia: EFE.

Euskadiko udalerrietan covid-19aren transmisio komunitarioak ekiditeko gomendioekin udalei dekalogo bat ematea adostu dute EUDELeko presidentea den Gorka Urtaranek eta Antonio Santano eta Nagore Alkorta presidenteordeek. Pandemiak eragindako egoera modu koordinatuan kudeatzeko Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailarekin EUDELek duen lankidetza estuaren barruan egin da dokumentua.

Udalerrien antolaketari buruzko jarraibide orokor batzuk azaltzen dira dokumentuan. Udalen jarduera zuzena orientatu eta indartzeko, betiere, herritarren eta udalerri bakoitzeko eragile sozialen inplikazioa kontuan hartu da.

Batez ere udako denboraldia kontuan hartuta osatu dira neurri horiek, festak edota baimen gabeko jarduerak antolatzea ekiditeko. Ekintza horiek jende-pilaketak eragin ditzakete, eta, ondorioz, epidemiari eusteko ezarritako osasun betebeharrak alde batera uzten dira.

Dokumentuarekin, udaletxeek bizilagunak kontzientziatzeko duten indarra azpimarratu nahi izan dute EUDELek eta Osasun Sailak. Horrekin batera, agerian utzi nahi izan dute erantzukizun indibiduala zein kolektiboa eskatzeko udalek duten lana.

Tokiko autonomia oinarri hartuta, gomendioak udalerri bakoitzaren berezitasunetara egokituko dira. Horrez gain, neurriek eboluzio epidemiologikoari erantzuteko indarrean dagoen araudia errespetatu beharko dute.

Honakoak dira EUDELek Osasun Sailarekin batera adostu dituen gomendioak:

     - Jakinarazpen publiko guztietan herritarrei ospakizunek edo pertsonen kontzentrazioek covid-19a transmititzeko dakarten arriskuaren berri ematea, eta herritar guztien erantzunkidetasuna aipatzea.

     - Jaien edo ekitaldien programa ofizialak bertan behera uztea. Jai-ekitaldiak zabaltzeko kartelak edo bestelako bitartekoak ez sustatzea. 

     - Konpartsak, blusen eta nesken kuadrillak, lagunarteak, taldeak, ostalaritza, kirol-taldeak eta gizarte-eragileak jaiak edo ekitaldiak EZ antolatzeko eta EZ ospatzeko inplikaraztea. 

     - Edukiera eta pertsonen artean gomendatutako distantzia fisikoak (1,5 m) kontrolatzeko moduko kultura- edo entretenimendu-jarduerak eta -ikuskizunak egiteko aukerak baino ez ematea eta, horretarako, hori guztia betetzeko neurriak ezartzea eta, bestela, ekitaldia etetea aurreikusita izatea.

     - Espazio publikoa azokako ikuskizunetarako, txosnetarako, salmenta-postu ibiltarietarako edo antzekoetarako erabil daitezen ekiditea, baldin eta haietan segurtasun-neurriak betetzen direla bermatu ezin bada.

     - Ostalaritza ixteko ordutegiak betetzea eta, hala, taldekatzeak eta alkohola beste espazio publiko batzuetan kontsumitu daitezen ekiditea.

     - Udalerrian arrisku gehien duten eremuak eta pertsonen kontzentrazioak dituzten ordutegiak identifikatzea, prebentzio-neurriak izatea, pertsonen zirkulazioa antolatzea eta espazioak pertsonen arteko segurtasun-distantzia gorde ahal izateko moduan banantzea edo sektorizatzea.

     - Txoko, sozietate gastronomiko, gazteen aisia-lokal eta erabilera publikoko titulartasun pribatuko espazioei ordutegiak eta araudia bete behar dituztela gogoraraztea eta betetzen dituztela zaintzea.

     - Prebentzio-neurriak ezartzea, baldin eta sare sozialen bidez deialdi jendetsuak egiten direla jakiten bada, besteak beste: barrera mekanikoak jartzea eta horiek ez ospatzeko zaintza ezartzea. Egun zehatzetan, udaltzainen eta Ertzaintzaren presentzia areagotzea, indarrean dagoen araudia betetzen dela zaintzeko.

     - Udalerritik kanpo pertsona-pilaketa handia egon daitekeelako susmorik badago, disuasio-neurriak aktibatzea, besteak beste: ibilgailu partikularren eta garraio kolektibo publiko eta pribatuen sarbidea zailtzea.