Itxi

Gizartea

Auzitegi Nazionala

Montanok berretsi egin du ez zuela Ellacuriaren eta gainerako jesuiten hilketa agindu

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

El Salvadorren izandako sarraskiari buruzko epaiketa epaiaren zain geratu da. Akusazio partikularrak 150 urteko kartzela-zigorra eskatu du Inocencio Montano koronel ohiarentzat.  

1:19
Inocente Montanok bera errugabea dela esan du

Gaur amaitu da 1989an El Salvadorren Ignacio Ellacuria eta beste lau jesuitaren hilketak argitzeko Espainiako Auzitegi Nazionalean egin duten epaiketa.

Azken saioan, Inocencio Montano koronel ohiak eta sasoi hartan Segurtasun Publikoko ministrorde zenak errugabea dela esan du eta hilketa berak edo Armadaren buruzagitzak agindu izana ukatu du.

La Tandona izeneko talde militarrak gertakari haiekin zerikusirik izan ez zuela eta pertsona haiek hiltzea "akats oso larria" izan zela adierazi du bere azken hitzean.

Halaber, epaiketan deklaratu duten perituei eta lekukoei gezurrak esatea eta interpretazio okerrak egitea leporatu die.

Egiaren Batzordearen arabera, La Tandona taldea "gaizkileek, bahitzaileek, lapurrek, bortxatzaileek eta hiltzaileek" osatzen zuten. Fiskaltzak atzoko saioan gaineratu zuen La Tandona "El Salvadorreko militar ustelenek" eratu zutela eta gerra zibilak iraun zuen bitartean herrialdea beraiek zuzendu zutela.  

Montanok, baina, baieztapen horiek ukatu ditu eta La Tandona "giza eskubideen aldeko taldea" dela esan du.

Horrez gain, Ellacuria laguntzat zeukala eta bakearen aldekoa zela azpimarratu du. "Gu ez geunden bakearen kontra; hainbeste tiroz nekatuta geunden", erantsi du.

Amaitzeko, berretsi egin du jesuitak hiltzea erabakitzeko bilera bakar batean ere ez zuela parte hartu.

Defentsak bere ondorioak aurkeztu ditu azken saioan eta absoluzioa eskatu du Montanorentzat. Akusazio partikularrak, berriz, bat egin du Fiskaltzak esandakoarekin, eta, frogatutzat eman du militar ohiak hilketetan parte hartu zuela. Hortaz, 150 urteko kartzela-zigorra eskatu du 150 Montanorentzat.