Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Alarma-egoerako baldintzak ezarri dizkiete tabernei

EITB.EUS

Musukoa erabili beharko da, barruan nahiz terrazan, eta edateko eta jateko soilik kenduko ahalko da. Mahai berean hamar pertsonatik gora batzea debekatuta egongo da.

  • Bi pertsona Donostiako terraza batean.

    Bi pertsona Donostiako terraza batean. Artxiboko argazkia: EFE

EAJren eta PSE-EEren jarduneko Gobernuak segurtasun neurriak zorroztea erabaki du, Ordizian, Tolosan eta Getarian izan diren agerraldien ondotik COVID-19arekin kutsatu diren pertsonen kopuruak gora egin duelako.  

Horrela, bada, ostegun honetatik aurrera maskara erailtzea derrigorrezkoa izango da, kalean nahiz eremu publiko itxietan, baita gutxieneko segurtasun-tartea errespetatzen bada ere. Edonola ere, neurri gehienak ostalaritzara zuzenduta daude, gaitzaren foku nagusiek tabernetan dutelako jatorria.   

Hauek dira tabernetan, jatetxeetan, txokoetan, elkarte gastronomikoetan eta diskoteketan bete beharko diren baldintzak:

- Musukoa nahitaezkoa izango da, establezimendu barruan nahiz terrazan, eta edateko eta jateko unean soilik kendu ahalko da.

- Barran kontsumitzea posible izango da, baina 1,5 metroko segurtasun-tartea errespetatu beharko dute bezeroek.

- Mahai bakoitzean hamar pertsona baino gehiago batzea debekatuta egongo da.

Ostalarien ardura izango da neurri horiek betetzen direla bermatzea.

Gainera, Jaurlaritzak ez du ordutegiak luzatzeko baimenik emango eta orain arte onartutako eskariak atzera botako ditu, udan herriz herri izaten diren jaien aitzakiapean jendetza pilatzea saihesteko asmoz.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak izango dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, “esazio publiko itxietan” izango da derrigorrezkoa abuztuaren 1etik.