Gizartea
KORONABIRUSA
Maskara ez eramateak 100 eurorainoko isuna ekarriko du Euskadin
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Musukoa behar bezala jantzita ez daramatenei ere isuna jarriko zaie. Derrigorrezkoa da leku publiko guztietan edo jendearentzako sarbidea duten leku guztietan eramatea, itxietan nahiz aire zabalean.
-
Arau hori haustea "arau-hauste arina" da. Argazkia: EFE
Gaur gauerdian sartuko da indarrean Osasun Sailaren agindua, leku publiko guztietan edo publikoarentzako sarbidea duten lekuetan maskarak erabiltzera behartzen duena, itxiak zein aire zabalekoak. Hori ez betetzeak 100 eurorainoko isuna ekarriko du.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko iturriek azaldu dutenez, betebehar hori ez betetzeagatik ezarritako zigorrak ekainaren 9ko Errege Dekretuaren 31. artikuluan jasota daude. Bertan, 100 eurorainoko isuna ezartzen zen leku itxi jakin batzuetan edo pertsonen arteko distantzia gordetzen ez zen lekuetan maskararik erabiltzen ez zutenentzat.
Ertzaintza eta udaltzaingoak arduratuko dira bihartik aurrera agindua betetzen dela zaintzeaz, eta maskara jantzita ez daramatenak edo sudurra eta ahoa behar bezala estaltzen ez dizkietenak zigortu ahal izango dituzte.
Isuna 100 eurokoa izango da, araua haustea "arau-hauste arina" dela iritzita. Administrazio-zehapen bat da, eta, beraz, Osasun Saila arduratuko da zehapenak jakinarazteaz eta herritarrek aurkezten dituzten balizko alegazioak ebazteaz, sail horrek emandako agindu bat baita.
Isuna jarri ahal izango zaie babes hori bide publikoan eta erabilera publikoko espazio itxietan ez daramaten guztiei, beste pertsona batzuekiko pertsonen arteko distantzia edozein dela ere.
Tabernetan, jatetxeetan eta ostalaritzako lokaletan ere eraman behar da, baita elkarte gastronomiko pribatuetan ere, eta jateko eta edateko baino ezin da kendu. Ostalaritza-establezimenduak arduratuko dira arau horiek beren baitan betetzen direla zaintzeaz.
Hondartza eta igerilekuetan ez da maskara eskatuko uretan edo toallan etzanda dagoen bitartean eta pertsonen arteko distantzia errespetatzen den bitartean, baina lekualdaketetan eta ibilaldietan eraman behar da.
Aginduak, gainera, debekatu egiten du gazte-lokaletan eta antzeko lokaletan jardutea, bai eta kalean edo tabernetatik kanpoko espazio publikoetan taldean edariak kontsumitzea ere.
Horrela, Euskadik antzeko neurriak hartu dituzten beste erkidego batzuekin bat egingo du, Kantabriarekin eta Errioxarekin, besteak beste.
Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak izango dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, “esazio publiko itxietan” izango da derrigorrezkoa abuztuaren 1etik.