Gizartea
OSAKIDETZAKO EPE-AK
Osakidetzako LPEaren ikerketan beste inputatu bat eta 24 lekuko gehiago deitu dituzte
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Halaber, epaileak LABek egindako estatistikaren arduraduna deitu du. Hari esker jakin zuten Anestesia espezialitatean ez ezik beste 18tan ere izan zirela irregulartasunak.
-
Osakidetzako LPE bat. Irudia: EiTB.
Osakidetzako EPEa aztertzen ari den Gasteizko 2 zenbakiko epaitegiak Neurokirurgia espezialitatearen epaimahaiko presidentea inputatzea erabaki du. Halaber, LABek eskatu bezala, 24 pertsona gehiagori lekuko modura deklarazioa hartzea erabaki du.
Sindikatu horren arabera, azterketak egin aurretik mediku-espezialitateetako plazak esleitzeko “bezero” sistema bat jarraitzen du Osakidetzak. Gainera, behin filtrazioak aurkitu ostean, horiek ezkutatzea eta ikerketa zailtzea ere leporatzen dio Euskal Osasun Zerbitzuari.
Auzia zuzentzen duen magistratuak, Ana Jesus Zuluetak, ez du alde batera utzi etorkizun batean EPEen irregulartasunak gertatu zirenean Osakidetzako zuzendaritzan lan egiten zuten pertsonak inputatzeko aukera. Auto baten bidez, epaileak Neurokirurgiako epaimahaiko presidente izan zena inputatzea erabaki du lehenengo, proba horretan “azterketa egiten ari zirenen anonimotasuna hautsi baitzen”.
24 lekukori deitzeaz gain, Zuluetak LABek egindako estatistiken arduraduna ere deitu du, hari esker jakin baitzuten Anestesia espezialitatean ez ezik beste 18tan ere izan zirela irregulartasunak.
Hala, Anestesia, Angiologia eta Traumatologia espezialitateetako sei oposiziogile; Digestio Aparatuko, Kirurgia Plastikoko eta Mikrobiologiako probetan irregulartasunak salatu zituzten hiru pertsona, Angiologiako epaimahaiko zazpi kide, Traumatologiako hiru, Kirurgia Plastikoko bi eta Urologiako bat deitu ditu epaileak.
Orain arte, 13 azterketa prozesu utzi dira bertan behera: Neurofisiologia, Neurokirurgia, Anestesia, Angiologia, Digestioa, Kardiologia, Traumatologia, Kirurgia Plastikoa, Urologia, Medikuntza Intentsiboa, Larrialdiak, Mikrobiologia eta Kirurgia Kardiobaskularra.
Auzia sindikatuen salaketen ondorioz hasi zen, eta EAEko Fiskaltza Nagusiak EPE azterketetako 19 mediku-espezialitatetan irregulartasunak egon ziren ikertzeko eginbideak ireki zituen.
Horren aurrean, hainbat pertsonak dimisioa eman zuten; besteak beste, hauek: Jon Darpon, Osasun kontseilaria; Maria Jesus Mugica, Osakidetzako zuzendaria; Juan Carlos Soto, Osakidetzako Giza Baliabideen zuzendaria; eta Xabier Balerdi, Osakidetzako Giza Baliabideen zuzendariordea.
Fiskalaren ustez, Osakidetzako hiru nagusiek delituak egin zituzten, eta dagoeneko epaitu dituzte. Halaber, beste hiru kargudun deklaratzera deitzea erabaki zuen: Juan Carlos Soto, Xabier Balerdi eta Andoni Arcelay.