Gizartea
Koronabirusa
Musukoa derrigorrezkoa da jada EAEn
eitb.eus
Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak eman ditu xehetasun guztiak.
Derrigorrezkoa da jada musukoa erabiltzea EAEn, ostegun honetatik aurrera, Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak asteazkenean jakinarazi duenez.
Murgaren hitzetan, birusak, "desagertu beharrean, zirkulatzen jarraitzen du", eta horri azken egunotako "infekzioen bilakaera" gehituta, "neurri berriak argitaratzea" erabaki dute, EAE osorako, eta gauerdian jarriko dira indarrean.
Osasun sailburuak zehaztu du maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango dela kalean eta espazio publiko itxietan, "pertsonen arteko distantzia edozein dela ere".
Ostalaritzari dagokionez (tabernak, jatetxeak, elkarte gastronomikoak…), maskara erabili beharko da, eta edaria edo janaria "irensten den unean" bakarrik kendu ahalko da. Gainera, mahai baten inguruan gehienez ere 10 pertsona egon ahalko dira, bai establezimendutik kanpo bai establezimenduaren barruan, eta ordutegia luzatzeko eskariak bertan behera utzi dituzte. Ostalariak izan beharko dira neurriak errespetatzen direla bermatzen dutenak.
Hondartzetan eta igerilekuetan ere nahitaez erabili beharko da maskara "joan-etorrietan", eta etzanda edo leku batean eseritakoan kendu ahalko da, betiere metro eta erdiko tartea gordetzen bada edo pertsonak elkarbizitza unitate berekoak badira.
Gainera, Murgak ez du baztertu pandemiaren bilakaeraren arabera neurri gehiago aplikatzea. Horren ildotik, normaltasun berria oporraldiarekin batera iritsi dela esan du, eta horrek pilaketak egotea eta prebentzio neurriak ez errespetatzea eragin duela nabarmen du.
Era berean, Eusko Jaurlaritzak gazteen lokaletan eta antzeko ezaugarrietako lokaletan jarduera egotea debekatu du. Halaber, dekretuan, Eusko Jaurlaritzak azaldu du edariak kalean edo gune publikoetan modu kolektiboan edo taldean kontsumitzea, hau da, ostalaritza-establezimenduenak edo antzeko establezimenduenak ez diren guneetan, "osasungaiztasun-egoeratzat" joko dutela.