Gizartea
ADINEKOEN EGOITZAK
Arabako egoitzetako erabiltzaileek ateratzeko aukera dute jada
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Aldundiak ezarritako protokoloaren lehentasuna higiene pertsonala, sintomak dituzten pertsonen isolatzea, PCR testak egitea eta egoiliarren kontaktuen aztertzea izango dira.
-
Adinekoen egoitzetako erabiltzaileak. Irudia: EFE.
Arabako adinekoen egoitzetan bizi diren pertsonek gaurtik aurrera euren familia eta ahaideekin bazkaltzera ateratzeko aukera izango dute. Egoiliarrek gehienez 10 pertsonekin batera egon ahal izango dute.
Gizarte Ongintzarako Foru Erakundeak egoitza eta zerbitzuetarako egin duen kontingentzia planaren barruan dago. Neurrien malgutzeak pandemia hasi zenetik hain egoera gogorra bizi duten Arabako adinekoen egoitzei arnasa hartzeko aukera emango die.
Ramiro Gonzalez, Arabako diputatu nagusiak astearte honetan azaldu du “egun ez dagoela positiborik” probintzian, etxebizitza komunitario pribatu batean koronabirusagatik gaixo zegoen adineko bakarra sendatu baita.
Arabako Foru-Aldundiak eskainitako datuen arabera, adinekoen egoitzen erabiltzaile ziren 140 pertsona hil dira pandemiaren ondorioz. Horietatik 73 egoitza pribatuetan bizi ziren, 65 egoitza publikoetan eta bi Kanpezuko etxebizitza komunitarioan.
Uztaila hasieratik egoitzek bi orduko bisitak onartzen dituzte guztientzako erabilerarako diren eremuetan, eta baita bi orduko irteerak ere. Bai bisitak eta baita irteerak familiartekoekin, ahaideekin edota boluntarioekin egin behar dira beti.
Bestalde, neurrien malgutzearekin batera, egoitzetan gehienez 20 pertsona bilduko dituen talde-jarduerak, omenaldiak, urtebetetzeak eta festak egin ahalko dira, beti ere ezarritako segurtasun neurriak errespetatuta.
Aldundiak ezarritako protokoloak higiene pertsonalean, sintomak dituzten pertsonen isolatzean, PCR testak egitean eta egoiliarren kontaktuak aztertzean jartzen du fokua.
Dokumentuak berragertzeen kasuan zer egin beharko litzatekeen ere azaltzen du. Zentzu horretan, aurrez aurreko jarduera bertan behera utzi beharko balitz zerbitzuak telematikoki eman beharko dira, eta beharrezkoa balitz, egoiliarren isolatzea ere jasotzen da dokumentu horretan.
Zadorrako egoitza publikoak COVID-19ren aurrean erreferentziazko egoitza izaten jarraituko du. Hala, aldundiko zerbitzuek gela indibidualetan 45 ohe erreserbatu dituzte beharrezkoa izango balitz egoitzetako erabiltzaileak isolamenduan jartzeko.