Gizartea
DART Misioa
NASAk espazio-ontzi bat jaurtiko du Dimorphos asteroidearen aurka, desbideratzeko
Agentziak | Erredakzioa
2022an izango da. Asteroide horrek ez du inolako arriskurik Lurrerako, baina misioaren helburua da, ikertzeaz gain, baieztatzea posible dela asteroide arriskutsuak desbideratzea.
-
Espazio-zunda baten aireratzea, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.
NASAk espazio-ontzi bat jaurtiko du 2022an Dimorphos asteroidearen aurka, hori desbideratzea helburu. Dimorphosek ez du inolako arriskurik Lurrerako, baina misioak, DART izenekoa bera, egiaztatu nahi du posible ote den arriskutsuak izan litezkeen asteroideak desbideratzea.
Hain zuzen ere, Dimorphos Didymoseko asteroiderik txikiena da. Didymos Lurretik gertuko biko asteroide-sistema da. Bere gorputz nagusia 780 metro zabal da, eta Dimorphos, haren ilargirik txikiena, 160 metroko diametroa du; gutxi gorabehera, Egiptoko Piramide Nagusiak bezala.
2022an, Dimorphos NASAren DART misioaren jomuga izango da; DART da Asteroide Bikoitza Helbideratzeko Proba izenaren akronimoa. Lehen aldiz probatuko du asteroideak desbideratzeko teknologia bat, planeta-defentsarako.
Bi urteren buruan, 2024an, Hera misioa jaurtiko du ESA Europako Espazio Agentziak; misio horrek gertutik ikertuko du Dimorphos, bai eta Didymos ere, DARTen talkaren ostean.
Gizakiak nahita aldatutako lehen asteroidea
"Dimorphos izenak, grekoaz, 'bi forma' esan nahi du", azaldu du Kleomenis Tsiganisek, Tesalonikako (Grezia) Aristoteles Unibertsitateko zientzialari planetario eta DARTeko eta Herako taldeetako kideak. Berak proposatu zuen NASA desbideratzen ahaleginduko den asteroidearen izena.
Tsiganisek zehaztu duenez, izena hautatzean, kontuan hartu dute Dimorphos asteroidearen itxura gizakiak nahita aldatua izango dela, DARTen talkagatik.
"Hala, guk bi modutara ezagutuko dugu: DARTek talka izan aurretik ikusiko duen moduan, eta Herak handik urte batzuetara ikertuko duen modura", esan du.
Aurreikuspena da DARTek Dimorphosek Didymosen inguruan egiten duen orbita desbideratzea, eta krater bat sortzea; Herak, gerora, krater hori ikertuko du.
DARTek espazio-ontzi bat zabalduko du, asteroidera iritsi aurretik, eta horrek talka erregistratuko du. Epe luzerako ondorioak espazio- eta lur-teleskopioen bidez ikertuko dituzte.
Hera misioak ere zabalduko ditu espazio-ontziak, ikerketa osagarriak egitea helburu, Michael Kueppers misioaren zientzialariak azaldu duenez: "Juventas espazio-ontziak ekorketa egingo du asteroidearen barnealdean; historian lehen aldiz, maiztasun txikiko radarra erabiliko dugu horretarako. Barne-egitura hori ulertzea DARTek Dimorphosen egingo duen talka ondo ulertzeko funtsezko aurrerapausoa da".
Didymos 1996an detektatu zuten lehen aldiz. Hasieran, zientzialariek pentsatu zuten objektu bakarra zela, eta izen ofiziala izateko irizpideak ez zituela betetzen; izan ere, ikertzaileek orbita uniformea marratu behar dute, eta egiaztatu behar dute ez dela espazioan galduko izendapen baterako eskaria formala azkenean egin aurretik.
Gerora, 2003an, Txekiako Ondrejov behatokiko Petr Pravec astronomo planetarioak asteroidearen distira jarraitzen zuen bitartean, patroi bat atzeman zuen. Horren arabera, posible zen satelite batek objektu nagusiaren inguruko orbita egitea.