Itxi

Gizartea

Epaiketa

Aditu batek Montano seinalatu du: "Jesuiten sarraskia prestatu eta agindu zuen"

Agentziak | Erredakzioa

Auzitegi Nazionalean egiten ari den epaiketan, adituak zehaztu du 1989ko hilketak prestatu, agindu eta estali zituzten hiru agintarietako bat izan zela.

  • Inocencio Montano, epaiketaren saio batean

    Inocencio Montano, epaiketaren saio batean. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.

Aditu batek Inocente Montano koronel ohia seinalatu du astelehen honetan, Auzitegi Nazionalean egiten ari diren epaiketan, eta zehaztu du El Salvadorren 1989an hil zituzten bost jesuiten hilketak prestatu, agindu eta estali zituzten hiru agintarietako bat izan zela; Ignacio Ellacuria bizkaitarra hildakoetako bat izan zen. Adituaren esanetan, apaizek bultzatutako FMLNekin elkarrizketetan, agintariei euren boterea kentzea aztertzen ari ziren.

Ameriketako Estatu Batuetako Stanfordeko Unibertsitateko Terry Karl-ek bi txosten egin zituen Eloy Velasco epailearentzat. Astelehen honetan eman dute txosten horien berri, eta, horien arabera, ministrorde ohia 1989ko azaroaren 16ko sarraskiaren arduradun nagusietako bat izan zen.

Bost ordu eta erdi baino gehiago iraun duen saioan, orain arteko saio luzeenean, adituaren adierazpena oso garrantzitsua izan da. 150 urteko espetxe-zigorra eskatu dute Montanorentzat, eta Karlek erantzukizun-mailarik gorenean kokatu du, hilketa gauzatu aurretik, sarraskian bertan eta gerora.

Hiru militarrek agindu zuten

Beste aditu eta lekuko batzuek ere, hilketak agindu zituzten militarren izenak aipatu dituzte; Karlek hiru militarreko taldea aipatu du: Rene Ponce Estatu Nagusiko burua eta Zepeda eta Montano ministrorde ohiak. "Beraiek zuzendu zituzten krimena eta estalketa", salatu du.

Adituaren iritziz, "planifikatutako erailketa izan zen". Jesuiten aurkako hainbat eraso izan ziren prentsan eta irratian. Montanok berak esan zuen "FMLNko liderrak" zirela, eta gutun bat argitaratu zuten egunkari batean, gerrillako hainbat buruzagi atxilotu eta hiltzea eskatzeko: "Lehen izena Ellacuria zen".

Karlen iritziz, "operazio psikologikoa" izan zen; izan ere, "ez zen erraza militar bati apaiz bat hiltzea agintzea". Hori dela eta, komunikabideetan sartutako ideia izan zen: "Horiek hil behar dira, FMLNko liderrak direlako".

Jarraitu epaiketaren saio guztiak, zuzenean, eitb.eus-en

Ellacuria El Salvadorrera bueltatu zela egiaztatuta, Montanok perimetroa prestatu zuen, sarraskiaren aurreko egunean, kontrolpean zituen indar militarrak erabiliz. Horrek, Karlen hitzetan, egiaztatzen du azaroaren 15ean izandako bilera gakoa egin aurretik dena diseinatuta zegoela; egun hartan eman zuten Ellacuria hiltzeko agindua, eta Montano bilera hartan zegoen. Tandona izeneko militarren taldeko liderretakoa zen Montano; talde horrek zuzentzen zuen, praktikan, herrialdea, eta kideek "isiltasun kodea" zuten, inoiz ez elkar salatzeko.

Hiltzeko agindua azaroaren 15ean eman zuten. Lehen bilera batean, hainbat militarrekin, agintari gorenak adierazi zuen (Ellacuria aipatu gabe) FMLNko buruak hil behar zituztela; adituaren ustez, jesuiten aurkako aurreko kanpaina ikusita, "apaizak hiltzeko agindua" esan nahi zuen horrek.

Gerora, talde txiki batek Guillermo Benavides koronel ohiari deitu zion, eta agindu formala eman zion, idatzi gabe: "FMLNko buruak hilko ditugu, eta zure sailean, Eskola Militarreko zuzendari gisa, Ellacuria hiltzea egokitu zaizu, lekukorik utzi gabe". Horren ostean, estalketa iritsi zen.

Karlen arabera, Tandonak erabakia hartu zuen botereari eusteko; izan ere, Ellacuriak FMLNren oniritzia zuen negoziazioa bultzatzeko, baina, bereziki, Indar Armatuen ofizial gazteen oniritzia ere bazuen. Militar gazte horien lehen eskaria zen Tandonaren botereari amaiera ematea: "Gogaituta zeuden talde horren ustelkeriarekin eta botere-pilaketarekin, eta, gainera, ikusten zuten ez zirela gerra ondo kudeatzen ari".

Beste aditu batek bere "lagun" Montanoren parte-hartzea ukatu du

Horren aurrean, epaiketan aditu moduan deklaratu duen El Salvadorreko komandante ohi batek Montanoren parte-hartzea ezeztatu du. Mauricio Ernesto Vargas da, egun ARENA alderdi kontserbadoreko diputatua, eta Tandonan Montanoren "laguna" izan zen.

Deklaratu duenean, une batean, akusazio partikularrak galdetu dio ea akusatuaren laguna den, El Salvadorreko egunkari batean egindako adierazpen batzuengatik. "Nire lagunen laguna naiz, baina, bereziki, egiaren laguna naiz", erantzun du. Halere, abokatuak xehetasun gehiago ematea eskatu dionean, hau esan du: "Beti izan naiz haren laguna, ez dut ezetz esango".