Gizartea
DONOSTIAKO METROA
Easo kalea ireki eta San Martin kalea itxi dute Donostiako Metroko obrengatik
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Askatasunaren Hiribidetik erdialdera joan behar duten autobus gehienak Easo kaletik bideratuko dituzte.
-
Easo kalea. Irudia: Donostiako Udala.
Donostiako Easo kalea ireki dute jada, urte eta erdi itxita egon ostean. Hain zuzen, metroaren saihesbidea Mirakontxa-Easo tartean eraikitzeko lanen ondorioz egon da itxita orain arte, Euskal Trenbide Sareak (ETS) eta Donostiako Udalak jakinarazi dutenez.
Hala, Easo kalea irekita, bi errei zabaldu dituzte ibilgailuentzat, San Martzial kaleraino; hor, bideetako bat estutu dute, eta errei bakarra dago zabalik trafikoarentzat.
Era berean, San Martin kalea guztiz itxi dute Urbieta eta Hondarribia arteko tartean. Easo kalea irekitzeak hiriaren erdigunean pilaketak sortzea ekidin eta, neurri batean, San Martinen itxitura arinduko du.
Norbanakoen ibilgailuei dagokienez, hiriaren ekialderanzko ibilbidea (Gros, Egia) azken hilabeteetan bezala egingo da: Urbieta eta Parkea kaleetatik barrena, Gernikako Arbola pasealekutik.
Easo guneko aparkalekuak
Easo kaleko zirkulazioa irekitzearekin batera, Cervantes plazako aparkalekura eta inguruko gainerako aparkalekuetara sartu ahalko dira bai udal aparkalekuetako erabiltzaileak baita txandakako aparkalekua bilatzen dutenak ere.
Hala ere, "garraio publikoaren funtzionamendu egokia bermatzeko beharraren ondorioz", Easo kaleko trafikoa kontrolatuko da. Auto-pilaketak sortuz gero, txandakako aparkalekuaren bila dabiltzanei sarbidea ukatuko zaie; egoiliarrek, ordea, sartzeko aukera izango dute une oro.
Mozketa une puntual horietan aparkalekuetara sartu ahal izateko, erabiltzaileek tarte mugatuan zirkulatzeko baimenaren bereizgarria eskatu ahalko dute. Cervantes eta San Martin udal aparkalekuetako erabiltzaileek, ostera, aparkaleku berean eskatu ahal izango dute bereizgarria. San Martzial kaleko 50eko eta Easo kaleko 5eko aparkaleku pribatuen jabeak eta plazak alokatuak dituztenak, berriz, Udaleko Mugikortasun Departamentuari eskatu beharko diote, plazaren jabetza justifikatuz.
Gainera, Easo kaleko zamalanetarako, aurreko erreserba berreskuratuko da, San Martin eta Arrasate kaleen artean, eta San Martin kalean motorrentzako beste erreserba bat sortuko da.