Itxi

Gizartea

COVID-19 agerraldia

100 kasu baino gehiago baieztatu dituzte Hospitaleten (Bartzelona)

Agentzia | Erredakzioa

Astebetean 30 kasutik 100 baino gehiagora pasa dira, horietako batzuk adinekoen egoitza batean antzeman dituzte. Agerraldiak bereziki hiriaren iparraldeari eragiten dio.

  • La Torrassako zubia Hospitaleten (Bartzelona). Argazkia: EFE

    La Torrassako zubia Hospitaleten (Bartzelona). Argazkia: EFE

COVID-19 agerraldi bat Hospitalet (Bartzelona) astintzen ari da. Astebetean 30 kasutik 100 baino gehiago izatera pasa dira, horietako batzuk adinekoen egoitza batean antzeman dituzte.

Kutsatu kopuruak gora egin ondoren, Nuria Marin bertako alkatea “kezkaturik” agertu da larunbat honetan.

Atzo arratsaldean agerraldiaren berri izan zutela azaldu du Marinek. Osasun Kontseilaritzarekin harremanetan jarri ondoren baieztatu zuten.

Agerraldiak bereziki hiriaren iparraldeari eragiten dio. La Torrassa, Collblanc eta La Florida auzoetan kasuak baieztatu dituzte, eta gutxiago Pubilla Casas auzoan.

La Torrassan, astebetean 4 kasutik 37 izatera pasa dira, zehaztu duenez. “Hamar aldiz biderkatu dira”, ohartarazi du agintariak. Paziente batzuk auzo horretako adinekoen egoitza batean daudela gaineratu du Marinek. “Bakarturik” daude, eta protokoloa martxan jarri dute.

Auzo horretako pazienteak familiartean kutsatu dira eta, “printzipioz, guztiak kontrolpean daude”, nabarmendu duenez.

Marinen hitzetan, agerraldia ez da Segria eskualdekoa bezalakoa”, baina “kezkatzen gaituen albiste txarra da”. Horregatik, Osasun Kontseilaritzarekin jarraipenerako batzorde bat osatzea planteatu du.

Hospitalet Kataluniako bigarren hiria da. Ia 265.000 biztanle ditu, eta kilometro karratuko 21.053 pertsonako dentsitatea, Espainiako handienetako bat. Gainera, Bartzelonarekin eta metropoli-barrutiko beste hiru udalerrirekin muga du.

Alkateak deitoratu duenez, “okerrena pasa ondoren, konfinamendua”, orain arriskuan dira berriro, eta “aurrerapauso guztiak pikutara bidai dituzte”.