Gizartea
KORONABIRUSA
COVID-19 positiboek ezin dutela botorik eman berretsi dute hauteskunde batzordeek
EUSKADI IRRATIA | EITB.EUS
EH Bilduk helegitea aurkeztu zuen atzo, botoa emateko eskubidea bermatzeko "berehalako neurriak" eskatuz. Elkarrekin-Podemosek erabakia atzera botatzeko eskatu dio Hauteskunde Batzorde Nagusiari.
-
Pertsona bat botoa bere kutxan sartzen. Argazkia: EiTB
Eusko Jaurlaritzak koronabirus proban positibo eman dutenei botoa emateko eskubidea kentzeko erabakiak zalantza juridikoak eragin ditu adituen artean baina EAEko Hauteskunde Batzordeak Jaurlaritzaren ekinbidea babestu du berriz ere, atzo EH Bilduk jarritako errekurtsoari erantzunez.
Era berean, Hauteskunde Batzorde Nagusiak Eusko Jaurlaritzaren neurriak babestu ditu larunbat honetan, koronabirusa “zabaltzea saihesteko”. Batzordearen ahotan, herritarren “bizitza eskubidea babestu” beharra dago.
Botoa emateko eskubidea bermatzeko "berehalako neurriak" hartzeko eskatu zion EH Bilduk Euskadiko Hauteskunde Batzordeari, "inor ez dadila gelditu bozkatzeko aukerarik gabe", baina gaur goizean egindako bileran, Hauteskunde Batzordeak ebatzi du Administrazioak hartutako neurriek bihar "botoa emateko baldintza egokiak" bermatzen dituztela, "behar bezala justifikatutako osasun arrazoiengatik salbuetsi den populazio segmentu murritzarena izan ezik".
Euskal Hauteskunde Batzordeak uztailaren 9an hartutako erabakia berretsi du beraz, Hauteskunde Batzorde Zentralaren jarraibideetan oinarrituta, argudiatu dutenez.
Eusko Jaurlaritzaren debekuak 200 pertsonari eragiten die EAEn eta erabakia hartzeko "osasun arriskua" argudiatu du Urkulluren Gobernuak.
Hainbat legelarik ohartarazi dutenez, ordea, eskubide batzuk urratu ditzake debekuak eta juridikoki, hauteskundeen inpugnaziorako bidea ere egon liteke.
Euskadi Irratian egindako elkarrizketan, Jose Ramon Bengoetxea Zuzenbidean doktoreak eta EHUko irakasleak garbi esan du boto eskubidea "eskubide absolutua" dela eta Eusko Jaurlaritzak ez duela eskubide hori "murrizteko eskumenik". "Positibo eman dutenek botoa eman nahi badute, sistema bat bilatu beharko litzateke. Botoa emateko aukera ahalbidetu egin behar zaie. Postarako aukera itxita dute, eta beste bide batzuk aurkitu beharko lirateke", esan du.
Hego Korean eta Frantzian egin berri diren hauteskundeak jarri ditu adibidetzat. Bi herrialde horietan koronabirus probetan positibo eman duten herritarrei botoa emateko baliabideak eskura jarri zaizkiela nabarmendu du.
Elkarrekin Podemos-IUk helegitea jarri dio Euskal Hauteskunde Batzordearen erabakiari Hauteskunde Batzorde Zentralean
Gaur goizean bertan, Elkarrekin Podemos-IUk helegitea jarri dio Euskadiko Hauteskunde Batzordearen akordioari, eta "salbuespenezko egoera honetan salbuespeneko konponbideak behar direla" argudiatu du. Hala, "botoa emateko eskubidea duten pertsona guztiek, osasun-segurtasuneko baldintzetan, politikan parte hartzeko duten oinarrizko eskubidea bermatzeko behar diren neurriak" hartzeko eskatu du.
Euskadiko Hauteskunde Batzordearen erabakiak "zuzenbidearekin bat ez datozela" deklaratzeko eskatu dio Elkarrekin Podemosek Hauteskunde Batzorde Zentralari.
Elkarrekin Podemos-IUren ustez, "argi dago" Osasun Sailaren irizpideak "gidalerro administratibo soil bat" baino ez direla, eta inola ere ez "herritarren oinarrizko eskubideen funtsezko arkitektura desmuntatzeko nahikoa elementu".
Koalizio moreak uste du beharrezkoa dela "Ordiziako zein isolamenduan dauden herritarrak dituzten gainerako udalerrietako hauteskunde-mahaietan Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak etetea edo atzeratzea, baldin eta horiei botoa emateko eskubidea bermatzen ez bazaie".
Gaurko ebazpenean, uztailaren 9an hartutako erabakia berretsi du Hauteskunde Batzorde Nagusiak. Orduan Eusko Jaurlaritzaren neurriei oniritzia eman zien erakundeak. Behin betiko ez bada ere, helegitea ebatzi arte, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioak hartutako neurrien “azken helburua pertsonei boto eskubidearen ariketa mugatzea denik” esateko daturik ez dagoela uste du Batzordeak.
Batzordearen esanetan, neurriek “arrazoiz, neurriz eta egoki oinarrizko beste eskubide bat babesteko xedea dute, pertsonen osotasun fisiko eta bizitza eskubidea, alegia”. Espainiako Konstituzioaren 15. artikuluak jasotzen du. “Eskubidea ordena politikoaren eta bake sozialaren oinarri da”, 10.1 artikuluaren arabera.
Gainera, “arreta bereziarekin” boto eskubidea bermatzeko beharrezko neurriak mantentzea eskatu dio Batzordeak Jaurlaritzari, baina herritarren “osasuna babestuz”.