Gizartea
Koronabirusa
Zortzi positibo berri Tuteran eta dagoeneko 31 kasu baieztatu dituzte agerraldian
Agentzia | Erredakzioa
Datozen orduetan kasuen kopuruak gora egin dezake; izan ere, egun osoan zehar probak egiten ari dira, Santos Indurain Nafarroako Osasun kontseilariak azaldu duenez.
Tuteran, ezkontza batean, antzemandako COVID-19 agerraldian zortzi kasu berri baieztatu dituzte ostiral honetan. Beraz, dagoeneko 31 positibo zenbatu dituzte, Santos Indurain Nafarroako Osasun kontseilariak jakitera eman duenez.
Tuterako Sofia Erregina Ospitalean agerraldia egin du kontseilariak, osasun arloko lantaldea bildu ondoren.
Datozen orduetan kasuen kopuruak gora egin dezake; izan ere, egun osoan zehar probak egiten ari dira, kontseilariak erantsi duenez.
Gainera, Nafarroako Gobernuak beste agerraldi baten berri eman zuen ostegunean: familia bereko bost pertsona kutsatu dira Iruñean.
Tuterako agerraldiari dagokionez, hirian osasun zentroak eta, konkretuki, adinekoen egoitzak “blindatu” dituztela esan du kontseilariak. Horrela, zahar-etxeetako erabiltzaileen irteerak bertan behera utzi dituzte, baita bisitak murriztu ere.
Gainera, Tuteran, pertsona desgaituentzako zentro batean, beste positibo bat baieztatu dute, baina agerraldiarekin zerikusirik ez duela ematen du. Hala ere, zentroko langileei zein erabiltzaileei PCR probak egiten ari dira.
Zero pazientea
Agerraldiko “zero pazientea” nor izan daitekeen “susmo oso irmoa” dute, Indurainek azpimarratu duenez. Zentzu horretan, ezkonberriei probak egin dizkiete, eta zaintzapean daude.
Ezkontzara joan ziren pertsona guztiak, PCR proban positibo zein negatibo eman, bakarturik daude. Guztira, 100 bat pertsona dira, kontseilariak zehaztu duenez. Harreman estuak zehazteaz gain oraingoz neurri gehiago hartzea baztertu du Nafarroako Gobernuak, baina “egoera aldakorra da, eta neurri gehiago hartzea ez dago guztiz baztertzerik”.
Toki irekietan zein itxietan maskarak erabiltzeko eskatu du kontseilariak. “Oraingoz eskaera da, mahai gainean dauden beste neurri batzuen alde on eta txarrak ikusita”, esan du Indurainek. Era berean, familiarteko zein lagunarteko bileretan zuhurtziaz jokatzea eskatu du kontseilariak.
Indurainen ahotan, “zorionez, honek ez du martxokoarekin zerikusirik”, baina “horrek ez du esan nahi lasai hartu behar dugunik, neurri eraginkorrak hartzeko orduan”.