Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Isolatuta dauden ordiziarrei 14:00etatik 15:00etara bitartean bozkatzeko eskatu diete

Agentziak | Erredakzioa

PCR proban negatibo eman duten baina konfinatuta dauden pertsonei egin die eskaera hori Udalak, jende-pilaketak saihesteko asmoz. Horrez gain, botoa etxetik prestatuta eramatea gomendatu du.

  • Ordizia (Gipuzkoa).

    Ordizia (Gipuzkoa). Argazkia: EFE

Igandean Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak egingo direla eta, Ordiziako Udalak 14:00etatik 15:00etara bitartean bozkatzeko eskatu die PCR proban negatibo eman duten baina konfinatuta dauden pertsonei, botoa ematera joaten diren beste herritarrekin kontaktua ahalik eta txikiena izan dadin. Ostiral honetan hasi dira igandeko hauteslekuak prestatzen, COVID-19aren agerraldia dela-eta segurtasun-neurriak indartuta.

Udalak ohar baten bidez azaldu duenez, 6.996 ordiziar daude botoa ematera deituta. Ildo horretatik, 09:00etatik 20:00etara bitartean izango dute botoa emateko aukera, nahiz eta hauteskunde-mahaiak 08:00etan eratuko diren.

Beti Alai pilotalekuan hiru mahai jarriko dira, Jakintza ikastolan beste hiru, Urdaneta ikastetxeko frontoian bi eta Oianguren institutuan beste bi. Testuinguru horretan, Udalak azaldu du "protokolo zorrotza" prestatu duela, Eusko Jaurlaritzak egindakoaz gain.

Horrela, ahal dela, hauteslekuak aire zabalean jarriko dira. Udalak FFP2 maskarak erosi ditu hauteskunde-egunean lanean izango diren pertsona guztientzat (hauteskunde-mahaietan egon behar dutenentzat eta baita hauteskundeak antolatzen parte hartuko dutenentzat ere).

Hauteskunde-mahai bakoitzak ilara bat izango du, eta ilara bakoitzeko arduradun bat egongo da herritarrei botoa emateko sarbidea emateko. Halaber, beste ilara gehigarri bat prestatuko da 65 urtetik gorako pertsonak eta haurdun dauden emakumeak zuzenean hauteskunde-mahaira joan daitezen.

Sarrera guztietan, Ordiziako Udalak gel hidroalkoholikoak eta desinfektatzeko produktuak jarriko ditu herritarren eskura, baita bozkatzeko kabina bakoitzean ere.

Hauteskunde-mahai bakoitzeko presidenteak metakrilatozko pantailekin babestuko dira. Botoa ematera joaten den pertsonak NANa erakutsiko dio pantaila horren beste aldetik, eta presidenteari ez zaio agiria eskura emango. Botoa ematen den bakoitzean, hautetsontzia desinfektatuko da horretarako dituzten produktuekin.

Horrez gain, botoa etxetik prestatuta eramatea ere gomendatu du Udalak, eta hauteslekuen kanpoaldean ondo azalduta egongo da pertsona bakoitzak non eman behar duen botoa.