Gizartea
Koronabirusa
Hauek dira EHUren irizpideak datorren ikasturterako
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
EHUko zuzendaritzak dokumentu batean bildu ditu "normaltasun berrian" bete beharko diren segurtasun neurriak eta jarraibideak.
Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) 2020-2021 ikasturtea planifikatzeko irizpideak dokumentu batean bildu ditu, "normaltasun berriko" segurtasun neurriak kontuan hartuta. Hauek dira eman dituen aginduak eta gomendioak:
1- Gutxienez klaseen % 75 aurrez aurrekoak izatea jarri dute helburutzat; hau da, lau ikasgaitatik hiru unibertsitatean ematen saiatuko dira.
2- Jende pilaketak saihestea derrigorrezkoa izango da. Horrela, bada, sarrera eta irteera ordutegiak mailakatuak izango dira eta ikasgelen edukiera mugatu egingo dute.
3- 1,5 metroko segurtasun tartea mantendu beharko da eta, ezinezkoa denean, maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da. Musukoa gehienez bi orduz eramango dute eta klasea luzatzen bada, 15 minutuko atsedena izango dute.
4- Ikasleen mugimendua mugatuta egongo da eta zentroak garbitzeko eta desinfektatzeko neurriak hartuko dira.
5- Aurrez aurreko irakaskuntza eta klase telematikoak uztartuko dira, baina talde eta lauhileko bakoitzeko bi ikasgai baino gehiago modu birtual ez emateko gomendioa egin dute. Praktikak (laborategiak, tailerrak, etab.) lehenetsiko dira teoriaren aurrean, eta instalazio horiek praktiketarako soilik erabiliko dira.
6- Ikasgai guztietan ebaluazio jarraiturako planteamendu bat landuko dute, ikaslea urtean zehar egindako lanen eta ariketen arabera ebaluatu ahal izateko, aurrez aurreko azterketarik egin ezin denean.
7- Ikasleek matrikulazio epea ireki aurretik jakingo dute ikasturtearen antolaketa zein izango den, eta tutoretzak telematikoki egin ahalko dira.
8- Baliabiderik ez duten ikasleen eskura hainbat bitarteko jarriko ditu unibertsitateak, besteak beste, ekipamendu informatikoak edo Internetarako konexioa izateko laguntza itzulgarriak.