Gizartea
Koronabirusa
Tuteran ezkontza batean izan ziren 23 pertsona kutsatu dira
eitb.eus
Bestalde, Ordiziako agerraldian kutsatutakoak 58ra igo dira. Iruñean ere 5 positibo atzeman dituzte beste foku batean.
Ezkontza batekin lotutako berragertze batek 23 kutsatze eragin ditu Tuteran (Nafarroa) eta Iruñean bost positibo utzi dituen beste agerraldi bat antzeman dute. Bestalde, Ordizian (Gipuzkoa) atzemandako koronabirus agerraldiarekin lotuta 58 kasu baieztatu dituzte jada, eta gaitza atzemateko detekzio-probetan positibo eman duten pertsona gehienak udalerri horretan bizi dira. Nekane Murga Osasun sailburuak agerraldi horri buruzko datuak gaurkotu ditu goizean, Koronabirusaren Jarraipenerako Batzordea bildu ostean.
Zehazki, Osasun Saileko eta Segurtasun Saileko arduradunek eta Ordizia, Beasain, Lazkao, Idiazabal, Legarreta, Itsasondo eta Tolosa herrietako udal ordezkariek osatzen dute batzordea. Ostegun honetan bildu dira berriro, egoera kontrolpean hartzeko asmoz. Murgak kazetarien aurrean egindako adierazpenetan azaldu duenez, herrian jarritako karpetan 2.300 PCR proba egin dituzte astelehenaz geroztik, eta orain arte 2.200 proben emaitzak jaso dituzte, horietatik 35 positiboak.
Halaber, Osasun sailburuak adierazi du karpak gutxienez ostiralera arte mantenduko dituztela Ordizian. Bere esanetan, "oso modu baliagarria" da Etxezarreta kaleko tabernetan ibili diren ziren pertsonei PCR proba egiteko aukera emateko.
"Astelehenaz geroztik 35 positibo baieztatu dira, eta, beraz, agerraldi horrekin lotuta 58 kasu daude guztira, aurreko asteburuan zenbatutako pertsonak barne. Horietako batzuk duela zortzi egun atzeman ziren, eta dagoeneko beste herri edo hiri batzuetan egon daitezke", azaldu du sailburuak.
Datu horiek gaurko 10:00ak arte baieztatutako kasuei dagozkie, eta 108 PCR proben emaitzak jakin gabe daude oraindik. Agerraldi horretako lehen positiboa Lleidatik etorritako pertsona batek eman zuen.
Ordiziako edozein espazio publikotan maskara nahitaez erabili behar da, Eusko Jaurlaritzak aginduta, bai kalean, bai erabilera publikoko espazio itxietan ere, Gipuzkoako herri horretan atzemandako koronabirus agerraldiari aurre egiteko. Maskara erabiltzeko agindua Ordiziako udalerrira mugatzen da oraingoz, baina Osasun sailburuak ez du baztertu beste herri batzuetara zabaltzea, beharrezko iritziz gero.
Gainera, ostalaritzako establezimenduek ezingo dute edukieraren % 50 gainditu lokal barruan kontsumitzeko, ezingo da barran kontsumitu eta bezeroek eserita egon beharko dute. Terrazetan, pertsonen (etxebizitza berean bizi ez badira) eta mahaien artean gutxienez izan beharreko distantzia 1,5 metrokoa izango da.
30 positibo eta hildakorik ez azken orduetan Euskadin
Koronabirusaren ondorioz, azken orduetan ez da hildakorik izan Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE); beraz, 1.621 heriotza izan dira guztira EAEn pandemiaren ondorioz. Horrez gain, 30 kasu berri baieztatu dituzte PCR proben bidez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ostegun honetan emandako datuen arabera (asteazkeneko 24:00ak arte bildutakoak).
Bestalde, gaurko datuei erreparatuta, EAEn kutsatzeen indizea batetik gorakoa da (1,8). Zehazki, kutsatu bakar batek batez beste zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten du horrek. Atzo, 1,61koa zen indize hori, eta joan den astean, berriz, 0,85koa.
Osasun Sailak jakitera eman duenez, gaitza atzemateko 4.687 detekzio-proba egin zituzten atzo: 4.128 PCR eta 559 test serologiko.
Azken orduetan, 30 kasu atzeman dituzte EAEn PCR proben bidez (13.880 guztira) eta 46 test serologikoen bidez (7.553), Eusko Jaurlaritzaren arabera; beraz, 21.433 kasu baieztatu dira orain arte.
Datuak lurraldez lurralde ikusita, azken orduotan 16 kasu baieztatu dituzte Gipuzkoan, pandemia hasi zenetik kasu gutxien atzeman dituen lurraldean (2.379); Araban, beste bederatzi kasu baieztatu dituzte azken orduetan (3.382 guztira); eta Bizkaian gaitza atzemateko egindako detekzio-probetan bost positibo gehiago atzeman dituzte. Hain zuzen, lurralde horretan detektatu dituzte orain arte positibo gehien PCR proben bidez (7.947 guztira).
Hala, Gipuzkoan baieztatutako kasuei dagokienez, Arrasaten (1), Donostian (1), Eskoriatzan (1), Itsasondon (1), Legorretan (1), Ordizian (9), Tolosan (1) eta Zumaian (1) bizi dira azken 24 orduetan PCR bidez egindako probetan positibo eman dutenak. Araban baieztatutako kasuei dagokienez, Bastidan (1) Gasteizen (8) atzeman dituzte positibo berriak. Bizkaian, berriz, Bermeon (1), Bilbon (3) eta Durangon (1) baieztatu dituzte azken kasuak.
Horrez gain, 172 kasu positibo atzeman dituzte orain arte EAEn Euskaditik kanpo bizi diren herritarrei egindako probetan, baina horietako bat ere ez azken egunetan.
Osasun arloko krisi hau hasi zenetik, 316.228 PCR proba eta 134.626 test azkar egin zaizkie Euskadin 262.678 pertsonari (herritar askori behin baino gehiagotan egin diete proba).
PCR proben bitartez, pertsona batek une horretan bertan birusa duen edo gaixo dagoen jakin daiteke. Test azkarrek, berriz, pertsona bat kutsatuta egon den ala ez jakinarazten dute, baina ez dute zehazten gaixotasuna garatu duen, oraindik duen edo dagoeneko sendatuta dagoen; izan ere, test azkarrek pertsona batek garatutako immunitatea edo sortutako antigorputzak neurtzen dituzte, eta, beraz, iraganeko infekzio bat isla dezakete.
Bestalde, Osasun Sailak azaldu duenez, sei pertsonak jaso dute alta ospitalean azken 24 orduetan; guztira 4.363 gaixok jaso dute (% 20,4). Halaber, kasu positibo negatibotuak, hau da, PCR probetan positibo eman ondoren negatibo eman dutenak, 40 gehiago dira; 14.030 guztira (% 65,5).
Osasun Sailaren esanetan, koronabirusaren eraginez zainketa intentsiboetako unitateetan (ZIU) artatu behar izan dituzten pertsonen kopuruari dagokionez, ez dago aldaketarik atzo zabaldutako datuekin alderatuta. Horrela, egun covid-19ak erasandako sei pertsona daude EAEko zainketa intentsiboetako unitateetan.
Orain arte, guztira 1.621 pertsona hil dira koronabirusaren ondorioz EAEn (gaixotu diren guztien % 7,6), Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez.
Azken orduetan, ez dute inor ospitaleratu COVID-19agatik, eta, Osasun Sailaren arabera, 169 pertsona daude ospitaleratuta (163 gela arruntetan eta sei ZIUetan).
Kasuen kopuruak gora egin du Iruñean eta Tuteran
COVID-19aren kasu positiboen kopuruak gora egin du Nafarroan, Iruñean (5) eta Tuteran (23) antzeman dituzte bi berragerpenen ondorioz, azken horretan ezkontza batekin lotuta.
Tuteran 34 PCR proba egin zaizkie ekitaldi sozial eta familiar horrekin lotutako herritarrei, eta horietatik 23k positibo eman dute, Santos Indurain Osasun sailburuak eta Carlos Artundo Osasuneko zuzendari nagusiak emandako datuen arabera.
Beste agerraldian bost kasu atzeman dituzte, kontseilariak azaldu duenez, duela egun batzuk Nafarroako iparraldean eta Iruñerrian antzemandako agerraldiak erabat kontrolatuta daude.
Asteazken honetan ere ez da hildakorik izan, beraz, Foru Erkidegoak 23 egunez jarraian ez du hildakorik izan, eta pandemia hasi zenetik lau hilabete baino gehiagotan 528 hildako izan dira.
241 koronabirus kasu berri jakinarazi dituzte Espainian azken 24 orduetan
Osasun Ministerioak 241 kutsatze berri (atzo baino 16 gutxiago) jakinarazi ditu azken 24 orduetan, beraz, pandemia hasi zenetik 253.056 infekzio zenbatu dituzte.
Azken zazpi egunetan, 10 pertsona hil dira, eta, ondorioz, 28.401 dira Espainian.
Osasun Ministerioren arabera, Aragoik (52 kasu), Kataluniak (59) eta Andaluziak (32) kasu berrien erdiak baino gehiago pilatu dituzte; Gaztela eta Leonek (4) eta Madrilek (3), berriz, azken zazpi egunetan jakinarazitako 10 kasuetatik hildako gehien izan dituzte.
*OHARRA*:
Gaurko txostenak aldaketa bat jasotzen du sendatutako pertsonen kopurua jakinarazteko moduan. Batetik, test negatiboa duten pertsonen kopurua bereizten da (PCR bidez positibo eman ondoren, azkenean negatibo eman dute), eta, bestetik, ospitalean alta jaso dutenen kopurua. Osasun Sailak uste du modu hori zehatzagoa dela; izan ere, baliteke, adibidez, ospitalean alta eman zaien pertsonak egotea, eta haien PCRak positibo izaten jarraitzea, baina ez dute ospitaleratuta egon behar.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak zabaldutako txostena hainbat profesionalek egiten dute, eta informazioa lantzeko prozesuaren fase ezberdinetan beharrezko diren analisiez arduratzen da bakoitza. Hala, zabaldutako informazioa etengabe berrikusten da, eta zuzenketa txikiak egiten dira egunero.