Gizartea
Ipar Euskal Herria
Espetxera, Baionan autobus gidaria kolpatzeaz akusatuta dauden lau gizonak
Euskadi Irratia | Erredakzioa
Biktima bortizki kolpatu zuten, maskararik gabe zihoan bidaiari bati igotzea debekatu ostean. Gaur arratsaldean, Frantziako autobus zerbitzu osoak minutu bateko isilunea egingo du.
Epaileak deklarazioa hartu eta kartzelara bidali ditu lau gazteak, Baionan Chronoplus konpainiako autobus gidaria jotzea leporatuta.
Biktima garun heriotza egoeran dago, joan den igandean COVID-19aren aurkako babes maskararik gabeko bidaiariak eramateari uko egiteagatik erasoa jaso ondoren.
Atxilotuetako bi nahita egindako hilketa saiakeragatik inputatu dituzte. Instrukzio epailearen ustez, bi gazteek bortizki jo zuten gidaria. Marc Marie teniente prokuradoreak adierazi duenez, "erabilitako muturreko indarkeria ezin da azaldu".
Beste espetxeratu bati iheslariak hartzea egotzi diote, erasotzaileek gaua etxean igaro zutelako, eta laugarren atxilotu bati, berriz, arriskuan zegoen pertsona bati ez laguntzea egotzi diote.
Lankideen eta senideen ordezkariek martxa zuria deitu dute gaur arratsaldean Baionan, eta ordu berean geldiaraziko dute Frantzia osoko autobus zerbitzua eta minutu bateko isilunea egingo dute.