Gizartea
KORONABIRUSA
48 kasu atzeman dituzte jada Ordiziako agerraldiarekin lotuta, gehienak udalerrian
Agentziak | Erredakzioa
Azken orduetan bi pertsona hil dira EAEn eta 31 kasu berri baieztatu dituzte PCR proben bidez. Nafarroan lau kasu berri izan dira eta bi pertsona ospitaleratu dituzte.
-
Osasun arloko langileak, ospitale baten aurrean. Artxiboko argazkia: EFE
Ordizian (Gipuzkoa) atzemandako koronabirus agerraldiarekin lotuta, 48 kasu baieztatu dituzte jada. Gaitza atzemateko egin dituzten detekzio-probetan positibo eman duten pertsona gehienak udalerri horretan bizi dira, Nekane Murga Osasun sailburuak asteazken honetan pandemiaren bilakaeraren berri emateko egin duen agerraldian azaldu duenez.
Datu horiek gaurko 10:00ak arte baieztatutako kasuei dagozkie, egunean zehar egiten dituzten 400 proba ingururen emaitzak jakin gabe daude oraindik. Astelehenaz geroztik 1.732 PCR proba egin dituzte, eta orain arte 1.692 testen emaitzak ezagutu dira. Agerraldi horretako lehen positiboa Lleidatik etorritako pertsona batek eman zuen.
Ordiziako edozein espazio publikotan maskara nahitaez erabili behar dela agindu du Eusko Jaurlaritzak, bai kalean, bai erabilera publikoko espazio itxietan ere, Gipuzkoako herri horretan atzemandako koronabirus agerraldiari aurre egiteko asmoz; izan ere, orain arte egindako probetan 48 kasu baieztatu dituzte guztira.
Maskara erabiltzeko agindua Ordiziako udalerrira mugatzen da une honetan, baina Nekane Murga Osasun sailburuak ez du baztertu beste herri batzuetara zabaldu ahal izatea, neurri hori beharrezko iritziz gero.
Gainera, ostalaritzako establezimenduek ezingo dute edukieraren % 50 gainditu lokalaren barruan kontsumitzeko, ezin izango da barran kontsumitu eta bezeroek eserita egon beharko dute. Terrazetan, pertsonen (etxebizitza berean bizi ez badira) eta mahaien arteko distantziak 1,5 metrokoa izan beharko du.
Halaber, sailburuak, kazetarien galderei erantzunez, baztertu egin du gaur egungo datuekin koronabirus agerraldiak igandeko hauteskunde egunari eragingo dionik. "Salbuespenezko egoera bizi dugu mundu osoan eta Euskadin, eta pertsonen osasuna bermatzeko neurriak ezarri dira. Birus honekin bizi behar dugu", erantzun du.
Idiazabalgo Udalak, bestalde, herrian bi kasu atzeman dituztela baieztatu du, eta herritarrei arduraz jokatzeko deia egin die, "atzera ez egiteko". Ildo horretatik, segurtasun-distantziak mantentzea derrigorrezko neurria dela gogorarazi du, eta hori posible ez den kasuetan maskara erabili behar dela.
Koronabirusaren Jarraipenerako Batzordea bihar, osteguna, bilduko da berriro. Zehazki, Osasun eta Segurtasun sailetako arduradunek eta Ordizia, Beasain, Idiazabal eta Lazkaoko alkateek osatzen dute batzordea.
Bi hildako eta 31 kasu Euskadin
Koronabirusak eragindako pandemiaren ondorioz, bi pertsona hil dira Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) azken 24 orduetan; beraz, 1.621 hildako zenbatu dituzte jada. Horrez gain, 31 kasu berri baieztatu dituzte PCR proben bidez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak asteazken honetan emandako datuen arabera (astearteko 24:00ak arte bildutakoak).
Bestalde, gaurko datuei erreparatuta, EAEn kutsatzeen indizea batetik gorakoa da (1,61). Zehazki, kutsatu bakar batek batez beste zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten du horrek. Atzo, 1,54koa zen indize hori, eta joan den astean, berriz, 0,93koa.
Osasun Sailak jakitera eman duenez, gaitza atzemateko 5.234 detekzio-proba egin zituzten atzo: 4.533 PCR eta 701 test serologiko.
Azken orduetan, 31 kasu atzeman dituzte EAEn PCR proben bidez (13.851 guztira) eta 44 test serologikoen bidez (7.509), Eusko Jaurlaritzaren arabera; beraz, 21.360 kasu baieztatu dira orain arte.
Datuak lurraldez lurralde ikusita, azken orduotan 19 kasu baieztatu dituzte Gipuzkoan, pandemia hasi zenetik kasu gutxien atzeman dituen lurraldean (2.366); Araban, beste zortzi kasu baieztatu dituzte azken orduetan (3.374 guztira); eta Bizkaian gaitza atzemateko egindako detekzio-probetan lau positibo gehiago atzeman dituzte. Hain zuzen, lurralde horretan detektatu dituzte orain arte positibo gehien PCR proben bidez (7.943 guztira).
Hala, Gipuzkoan baieztatutako kasuei dagokienez, Andoainen (1), Ibarran (1), Itsasondon (2), Ordizian (11), Tolosan (2), Zegaman (1) eta Zumarragan (1) bizi dira azken 24 orduetan PCR bidez egindako probetan positibo eman dutenak. Araban baieztatutako kasuei dagokienez, Barrundian (1) Gasteizen (7) atzeman dituzte positibo berriak. Bizkaian, berriz, Barakaldon (1), Bermeon (1), Bilbon (1) eta Zaldibarren (1) baieztatu dituzte azken kasuak.
Horrez gain, 168 kasu positibo atzeman dituzte orain arte EAEn Euskaditik kanpo bizi diren herritarrei egindako probetan, baina horietako bat ere ez azken egunetan.
Osasun arloko krisi hau hasi zenetik, 312.100 PCR proba eta 134.067 test azkar egin zaizkie Euskadin 259.531 pertsonari (herritar askori behin baino gehiagotan egin diete proba).
PCR proben bitartez, pertsona batek une horretan bertan birusa duen edo gaixo dagoen jakin daiteke. Test azkarrek, berriz, pertsona bat kutsatuta egon den ala ez jakinarazten dute, baina ez dute zehazten gaixotasuna garatu duen, oraindik duen edo dagoeneko sendatuta dagoen; izan ere, test azkarrek pertsona batek garatutako immunitatea edo sortutako antigorputzak neurtzen dituzte, eta, beraz, iraganeko infekzio bat isla dezakete.
Bestalde, Osasun Sailak azaldu duenez, sei pertsonak jaso dute alta ospitalean azken 24 orduetan; guztira 4.357 gaixok jaso dute (% 20,4). Halaber, kasu positibo negatibotuak, hau da, PCR probetan positibo eman ondoren negatibo eman dutenak, 36 gehiago dira; 13.990 guztira (% 65,5).
Osasun Sailaren esanetan, koronabirusaren eraginez zainketa intentsiboetako unitateetan (ZIU) artatu behar izan dituzten pertsonen kopuruari dagokionez, ez dago aldaketarik atzo zabaldutako datuekin alderatuta. Horrela, egun covid-19ak erasandako sei pertsona daude EAEko zainketa intentsiboetako unitateetan.
Orain arte, guztira 1.621 pertsona hil dira koronabirusaren ondorioz EAEn (gaixotu diren guztien % 7,6), Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez.
Azken orduetan, ez dute inor ospitaleratu covid-19agatik, eta, Osasun Sailaren arabera, 174 pertsona daude ospitaleratuta (168 gela arruntetan eta sei ZIUetan).
Lau kutsatze berri eta bi ospitaleratze, Nafarroan
Azken orduetan, Nafarroan, lau kasu berri zenbatu eta bi pertsona ospitaleratu dituzte, Nafarroako Osasun Sailak emandako datuen arabera.
Egun horretan ere ez da heriotzarik izan, beraz, Foru Erkidegoak 23 egunez jarraian ez du hildakorik izan, baina pandemia hasi zenetik lau hilabete baino gehiago igaro direnean 528 pertsona hil dira.
PCR bidez baieztatutako lau positibo berri horiek 5.492 pazientera igo dute kaltetuen kopurua.
Kutsatzeak 257ra igo dira Espainian, normaltasun berriaren zifrarik altuena
Azken 24 orduetan hautemandako koronabirus kutsatzeen kopurua 257ra igo da, atzokoen bikoitza baino gehiago, hau da, alarma-egoera amaitu eta ekainaren 21ean "normaltasun berria" hasi zenetik egun bakar batean izandako positiboen kopururik altuena.
Osasun Ministerioaren azken datuen arabera, 9 dira azken astean hildakoak, kasu berriak Aragoin 60 dira; Katalunian, 52; Galizian eta Madrilen, 35, eta Andaluzian, 28, baina urrutitik, Euskadin 12 eta Extremaduran 10 izan dira.
Kopuru horren azpitik daude Valentziako Erkidegoa (7), Murtzia (6), Nafarroa (4), Castila-Mantxa eta Gaztela eta Leon (2) eta Asturias, Balearrak eta Errioxa (1). Kanarietan, Ceutan eta Melillan bakarrik ez dute infekzio berririk diagnostikatu.
Osasunaren gaineko estatistikaren arabera, pandemia hasi zenetik 28.396 pertsona hil dira, bezperan baino lau gehiago; aste honetan hil diren 9 hildakoetatik, lau Madrilen hil dira; 2 EAEn, 1 Andaluzian eta beste bat Aragoin.
*OHARRA*:
Gaurko txostenak aldaketa bat jasotzen du sendatutako pertsonen kopurua jakinarazteko moduan. Batetik, test negatiboa duten pertsonen kopurua bereizten da (PCR bidez positibo eman ondoren, azkenean negatibo eman dute), eta, bestetik, ospitalean alta jaso dutenen kopurua. Osasun Sailak uste du modu hori zehatzagoa dela; izan ere, baliteke, adibidez, ospitalean alta eman zaien pertsonak egotea, eta haien PCRak positibo izaten jarraitzea, baina ez dute ospitaleratuta egon behar.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak zabaldutako txostena hainbat profesionalek egiten dute, eta informazioa lantzeko prozesuaren fase ezberdinetan beharrezko diren analisiez arduratzen da bakoitza. Hala, zabaldutako informazioa etengabe berrikusten da, eta zuzenketa txikiak egiten dira egunero.