Itxi

Gizartea

Koronabirusa

MOEk ohartarazi du transmisioa bizkortzen ari dela eta "ez dela gailurrera iritsi"

Agentziak | Erredakzioa

MOEko zuzendari nagusiak jakinarazi duenez, 11,4 milioi Covid-19 kasu erregistratu dituzte dagoeneko, eta 535.000 pertsona baino gehiago hil dira gaixotasun horren ondorioz.

  • Melbourne hiriko kaleak

    11,4 milioi Covid-19 kasu erregistratu dira munduan. Irudia: EFE.

Tedros Adhanom Ghebreyesus Munduko Osasun Erakundeko (MOE) zuzendari nagusiak ohartarazi du koronabirus berriaren transmisioa bizkortzen ari dela munduan, eta oraindik ez dela pandemiaren gailurrera "iritsi".

Prentsaurrekoan Tedrosek jakitera eman duenez, 11,4 milioi Covid-19 kasu erregistratu dituzte eta 535.000 pertsona baino gehiago hil dira. "Munduak 12 aste behar izan zituen 400.000 kasuetara iristeko, eta asteburuan 400.000 kasu baino gehiago izan dira mundu osoan", ohartarazi du.

Alde horretatik, MOEko zuzendari nagusiak adierazi du, maila globalean heriotzen kopurua egonkortu dela, herrialde batzuek hilkortasunaren murrizketan aurrerapen "esanguratsua" lortu dutela, eta beste batzuk, berriz, hildakoen kopurua handitzen ari direla.

"Aurrerapena egon den lekuetan, herrialdeek talde ahulenentzako ekintza espezifikoak ezarri dituzte, adibidez, epe luzeko arreta zentroetan bizi diren pertsonentzat", azpimarratu du Tedrosek.

Era berean, koronabirus berriaren jatorriari buruz dagoen eztabaidari dagokionez, MOEko zuzendari nagusiak jakinarazi du Nazio Batuen Erakundeko adituak Txinara joango direla, Covid-19ko iturri zoonotikoa identifikatzeko eta gaixotasunak animalia batetik bestera kutsatzeko modua zehazteko.

Bestalde, Tedrosek MOEren eta Facebooken arteko akordioa iragarri du, gailu mugikorren bidez eta datu kontsumorik gabe koronabirus berriari buruzko informazioa emateko. Gainera, Googleri eskerrak eman dizkio "etengabeko laguntza eta dedikazioa" eskaintzeagatik, gizartea modu "seguruan" informatuta mantentzeko.

Bestalde, MOEko zuzendari nagusia "kezkatuta" agertu da Covid-19ko pandemia GIBari eman zaion erantzun globalean izaten ari den eraginarekin, hiesaren aurkako botiken eskuragarritasuna "nabarmen" murriztu baita pandemiak iraun duen bitartean.

"73 herrialdek jakinarazi dute sendagai antirretrobiralen izakinik gabe geratzeko arriskua dutela. Pandemiak GIBaren tratamenduan duen eragina arintzeko, herrialde guztiek aldi luzeagoetan errezetatzea gomendatu du MOEk", nabarmendu du.

Azkenik, batasun nazionala eta elkartasun globala eskatu die herrialde guztiei, koronabirus berriaren pandemiatik ateratzeko "bide bakarra" dela ohartaraziz.