Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Bizkaiko zahar-etxeetako 12 langilek positibo eman dute, eta beste 49 isolatuta daude

Agentziak | Erredakzioa

Azken egunetan ez dute kasu positiborik atzeman egoiliarren artean, eta uneotan ez dago adinekorik ospitaleratuta. Koronabirusa atzeman dieten 1.617 egoiliar sendatu dira jada.

  • Zahar-etxe bateko egoiliar bat leihotik begira.

    Zahar-etxe bateko egoiliar bat leihotik begira. Argazkia: EFE

Bizkaiko zahar-etxeetan lan egiten duten 12 beharginek positibo eman dute COVID-19an, eta beste 49 isolatuta daude probaren emaitza ezagutu zain. Gauzak horrela, azken lau egunetan ez da aldaketarik izan, eta gaur egun ez dago egoiliarrik kutsatuta.

Bizkaiko Foru Aldundiak astelehenean gaurkotutako datuak zabaldu zituen atzo, asteartea. Ildo horretatik, azken egunetan ez dute kasu positiborik atzeman egoiliarren artean, eta uneotan ez dago adinekorik ospitaleratuta.

Dena dela, Bizkaiko zahar-etxeetako 12 langilek positibo eman dute, eta beste 49 isolatuta daude (duela lau egun baino zazpi gutxiago).

Hala, gaur egun Bizkaiko zahar-etxeetan gaixorik ez badago ere, sei adineko Birjinetxeko unitate soziosanitario espezializatuan daude (duela lau egun baino bi gutxiago).  Horietatik hiru foru sareko zaharren egoitzetako erabiltzaileak dira, eta beste hiru, berriz, zaurtasun-egoeran dauden pertsonak, zeinak koarentenan dauden ospitaleratuta egon ondoren.

Pandemiaren hasieratik, Bizkaiko zahar-etxeetan koronabirusa atzeman dieten 1.617 egoiliar sendatu dira jada.

Osasun-krisia hasi zenetik, guztira 292 pertsona hil dira zentro horietan, eta 32 erabiltzaile COVID-19ak jota hil diren ikertzen ari dira. Osasun-krisiaren unerik txarrenetan 900 erabiltzaile inguru eta 360 langile baino gehiago egon ziren Bizkaiko egoitzetan egun berean kutsatuta.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.