Gizartea
Koronabirusa
Ordiziako agerraldia "inportatutako kasuek" eragin dutela esan du Fernando Simonek
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ekainaren 27tik aurrera Etxezarreta kaleko tabernetan ibili diren bizilagunei PCR proba egiteko deia luzatu die Osakidetzak. Oraingoz, zazpi kasu positibo izan dira.
-
Herritarrak PCR proba egiteko ilaran zain. Argazkia: EFE
Fernando Simon Espainiako Osasun Larrialdietarako zuzendariak esan du Ordiziako koronabirus agerraldia "beste erkidego autonomo batetik inportatutako kasuek" eragin dutela eta "foku familiar-komunitario" bilakatu dela.
Pandemiaren bilakaerari buruzko datuak emateko egunero egiten duen prentsaurrekoan izan du hizpide Ordiziako kasua.
"Beste erkidego autonomo batik inportatutako kasuek eragin dute eta foku familiar-komunitario bilakatu da; misto deitzen diogu agerraldi horiei", adierazi du.
Euskal Autonomia Erkidegoa pandemiaren aurrean "irmotasunez" erantzuten ari dela eta agerraldi honen harira "ahalik eta proba gehien egiteko asmoa" erakutsi duela azpimarratu du.
Oraingoz zazpi positibo baieztatu dituzte, baina ekainaren 27tik aurrera Etxezarreta kaleko tabernetan ibili diren herritarrei PCR proba egiteko eskatu die Osakidetzak. Osasun Sailak karpa bat jarri du Ordiziako osasun zentroaren kanpoaldean proba horiek egiteko. Ilara handiak izan dira eta gaur bertan 750 test egingo dituztela esan dute.
Sintomak izanez gero, etxean isolatzea ezinbestekoa dela gogoratu du Simonek, eta agerraldia kontrolatzeko modurik ez badago, "neurri gogorrak" hartu beharko direla ohartarazi du, hala nola, konfinamendua eta lokalen itxiera.