Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

Kontsumobidek maskaren eta babeserako ekipamenduen salmenta ikertuko du

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Kontsumoko Euskal Institutuak azpimarratu du kanpaina zigortzailea izango dela eta, lortutako emaitzen arabera, produktua ibilgetu ere egin daitekeela.

  • Maskarak saltzen dituen farmazia baten artxibo irudia

    Maskarak saltzen dituen farmazia. Irudia: EFE.

Kontsumobide, Kontsumoko Euskal Institutua bihar hasiko da ikuskapen-kanpaina egiten, eta hilaren 31ra arte luzatuko den kanpaina horrek maskara higienikoetan eta norberaren babeserako ekipamenduetan jarriko du arreta.

COVID-19aren krisiak eta beharrezkoa den babes higieniko sanitarioak izugarri areagotu du era horretako produktuen kontsumoa eta salmenta, eta kanpaina hau, beraz, ezinbestekoa da, Institutuaren arabera.

FFP1, FFP2 eta FFP3 maskarak Norbera Babesteko Ekipamendutzat hartzen dira, eta bai horien konposizioa bai horiek saltzen direnean kontsumitzaileari eman behar zaion informazioa Europako eta Estatuko arauetan oinarrituta dago. Maskara higienikoak kontsumo-produktuak dira eta horiek ere etiketa-arauak bete behar dituzte, eta kontsumitzaileei kasu honetan ere dagokien informazioa eman behar zaie.

Kontsumobideren ikuskapenak presentzialak nahiz agirienak izango dira. Azpimarratu behar da kanpaina zigortzailea izango dela eta, lortutako emaitzen arabera, produktua ibilgetu ere egin daitekeela. Ikuskapen-kanpainak produktuen etiketetan eta kontsumitzaileari eman behar zaion informazioan jarriko du arreta.