Gizartea
COVID-19
Balizko koronabirus agerraldia Ordizian, zazpi pertsonak positibo eman ondoren
eitb.eus
Agerraldiak taberna zonalde batean izan dezake sorburua, Etxezarreta kalean, hain zuzen ere. Ekainaren 27az geroztik zonaldean izan direnei osasun zentroarekin harremanetan jartzeko eskatu diete.
-
Ordiziako (Gipuzkoa) Etxezarreta kalea. Irudia: EiTB
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak balizko COVID-19 agerraldi baten berri eman du Ordizian (Gipuzkoa). Agerraldiak sorburua taberna zonalde batean izango luke, Etxezarreta kalean, hain zuzen ere. Azken egunetan gutxienez zazpi pertsonak eman dute positibo.
Dagoeneko lau taberna itxi dituzte. Horietariko hiru azken orduetan itxi dituzte, eta laugarrena larunbatean itxi zuten, jabeek PCR proban positibo eman ondoren.
Horrela, azken egunetan pertsona ezberdinen arteko balizko lotura epidemiologikoa identifikatu du Osasun Sailak, PCR proban positibo eman ondoren. Balizko lotura hori Ordiziako taberna kale bat izan daiteke, Etxezarreta kalea, hain zuzen ere.
Horregatik, ekainaren 27az geroztik (larunbata) zonaldean izan diren guztiei osasun zentroarekin harremanetan jartzeko eskatu die EAEko Exekutiboak, PCR proba egin ahal izateko.
Konkretuki, 943 007 635 telefonoaren bidez Ordiziako osasun zentroarekin harremanetan jartzeko eskatu diete. Astelehen honetatik aurrera (8:00etatik aurrera) hitzordua emango zaie PCR proba egiteko.
Bestalde, beste herri batekoa izanik ekainaren 27az geroztik zonaldean izan direnak Osasun Kontseiluarekin harremanetan jarri beharko dira: 900 20 30 50.
Aldi berean, Osasun Sailak “lasaitasuna” eskatu eta neurriak “prebentiboak” direla gogorarazi du, kutsatze berriak saihesteko eta transmisioa “lehenbailehen” antzemateko helburuarekin.