Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

OME: "COVID-19aren aurkako txertorik ez dago behar bezain aurreratuta"

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Une honetan entsegu klinikoetan dauden 17 txertoak eraginkorrak diren ala ez urte honen amaierarako jakitea espero dute. Eraginkorrak balira, urte hasieran ekin ahal izango litzaieke txertaketei.

  • 17 txerto daude entsegu kliniko fasean.

    17 txerto daude entsegu kliniko fasean. Argazkia: EFE

Osasunerako Mundu Erakundeak (OME) ostiral honetan adierazi duenez, munduan zehar covid-19aren kontrako txertoa aurkitzeko egiten ari diren ikerketek eta une honetan entsegu klinikoen fasean dauden 17 hautagaiek denbora beharko dute oraindik prest egoteko, horietako bat ere ez baitago nahikoa aurreratua.

"Ez litzateke zentzuzkoa izango txertoa noiz izango den prest iragartzea", esan zuen atzo Mike Ryan OMEko Osasun Larrialditarako zuzendariak. Dena dela, urtea amaitu aurretik hautagai horien eraginkortasunari buruzko datuak izatea espero dutela ere gaineratu zuen.

Eta hala izanez gero, eraginkorrak direla frogatzen bada, datorren urte hasieran ekin ahal izango litzaieke txertaketei. Hori bai, produzitzeko nahikoa gaitasun izan beharko litzateke horretarako.

Ryanek adierazi zuenez, saio klinikoekin aurrera egiten den aldi berean ekoizpen-gaitasuna indartzea izango da erronka, eta hori egiteko asmoa dute hainbat farmazia-taldek.

Tratamendu nagusiak

Bestalde, Soumya Swaminathan OMEko zientzialari buruak zehaztu zuenez, aste honetan mundu osoko 1.300 zientzialarik parte hartu dute bilera batean, eta ikerketak zer tratamendu motatan oinarritu behar diren adostu dute.

Covid-19ak ez du tratamendu espezifikorik, baina orain arteko proben arabera, entseguak lau motatan zentratu behar dira: antibiraletan, antinflamatorioetan, antikrombotikoetan eta plasmaren erabileran (gaixotasunetik errekuperatutako eta antigorputzak garatu dituzten pertsonen odoletik ateratakoa).

Remdesivir antibiralari dagokionez, AEBetako Gobernuak erabat erosi du haren ekoizpena irailera arte. Swaminathanek esan duenez, on egiten du koronabirusaren aurka, baina ez dago probarik hilkortasuna gutxitzen duenik. Frogatuta dagoena da botika honek gaixoak osatzeko behar duen denbora murrizten duela (11 egun egon ziren ospitaleratuta botika hori jaso zuten gaixoak eta 15, berriz, jaso ez zutenak, batez beste), baina kasu kritikoetan bakarrik erabili behar da.

"Antibiral berriekin edo antiinflamatorioak dituzten antibiralen konbinazioekin (tratamenduetan) ikertzen ari gara, erantzun immunitarioa handitzeko, eta horiek entseguetan sartzeko", adierazi zuen Swaminathanek.

OMEk itxaropena duen antiinflamatorioen artean dago dexametasona.