Gizartea
Jaiak
Beltran de Herediak ohartarazi du Ertzaintza herrietako jaietan 'zelatan' egongo dela
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Sailburuak esan du ardura norberarena dela, baina Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren kontrola ere beharrezkoa dela.
-
Udaltzainak eta ertzainak Bilboko kaleetatik. Argazkia: EiTB
Herrietako jaietan ertzainak eta udaltzainak "zelatan" egongo dira azken egun hauetan ikusitako jende-pilaketak ez errepikatzeko. Nahiz eta jai herrikoi asko COVID-19aren pandemiagatik bertan behera geratu diren, beharrezkotzat jotzen dute prebentzio neurriak errespetatzea.
Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak Gasteizen egindako prentsaurreko batean eman du abisua.
Gasteizen eta EAEko beste herri batzuetan bizitako egoerak kontuan izanik, sailburuak "arduraz" jokatzeko eskatu die herritarrei. "Norbanakoen eta kolektiboaren osasunari buruz ari gara hizketan" gaineratu du.
Kkutsatzeak ekiditeko, maskara erabiltzearen eta segurtasun distantzia mantentzearen garrantzia ere izan ditu hizpide Beltran de Heredia, baita higiene neurriak muturreraino eramateko garrantzia ere.
Sailburuak adierazi du Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren kontrola "beharrezkoa" dela, eta aurreratu du, urtero legez, kasu bakoitzean egoera aztertu eta horren araberako operatiboak egingo direla. Hala ere, azpimarratu du garrantzitsuena "norbanakoen eta taldeen jarrera arduratsua" dela.