Gizartea
KORONABIRUSA
Hildako bat eta 15 kutsatu berri covid-19agatik EAEn azken orduetan
Agentziak | Erredakzioa
Azken datuen arabera, lau kasu atzeman dituzte Araban (guztiak Gasteizen), bost Bizkaian (4 Bilbon eta 1 Getxon), eta sei Gipuzkoan (4 Orion, 1 Donostian eta 1 Ordizian).
-
Osasun langileak pertsona bat zaintzen ZIUn. Argazkia: EFE
15 kasu positibo berri antzeman dituzte PCR proben bidez azken 24 orduetan EAEn, eta beste 68 kasu test azkar edo serologikoen bidez. Ostiralean hildako bat izan zen, gainera; beraz, pandemia hasi zenetik 1.619 pertsona hil dira guztira.
Nekane Murga Osasun sailburuak larunbat honetan Bilbon emandako prentsaurrekoan jakinarazi duenez, 3.079 proba egin dituzte azken 24 orduetan (2.522 PCR eta 557 proba azkar). Analisien ondorioz, 15 positibo berri baieztatu dituzte PCR bidez, lau Araban (guztiak Gasteizen), bost Bizkaian (4 Bilbon eta 1 Getxon), eta sei Gipuzkoan (4 Orion, 1 Donostian eta 1 Ordizian).
Bestalde, 3 pertsonek jaso dute ospitaleko alta azken egunean eta gaur egun, 6 pertsona daude ZIUn.
RO indizea 1,09koa da une honetan.
EAEko Auzitegi Nagusiak Osakidetzak prebentzio araudia urratu izana ebaztzi ondoren, Murgaren iritzia
Osakidetzan norbera babesteko ekipamenduen eskasia salatzen zuen EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiaren irakurketa "positiboa" egin du Murgak. Epai horren arabera, Euskal Osasun Zerbitzuak ez zuen bete COVID-19ren lan-arriskuen prebentzioari buruzko araudia osasun krisian, eta aurrerantzean "langileak babesteko neurri egokiak hartzeko" agindu dio.
Babes materialena "puntuala" izan dela aitortzen duela defendatu du Murgak eta "mundu mailako eskasia testuinguru batean" kokatu duela Auzitegiak: "Epaiak onartzen du une jakin batzuk egon ahal izan direla, pandemiaren unerik larrienean, martxoko azken bi asteetan eta apirileko lehenengoan, materiala urri egon dena (material puntualak, maskara mota batzuk eta bata mota batzuk)", adierazi du sailburuak, eta gaineratu du zehaztapen hori "mundu mailako eskasia testuinguru altu baten barruan" egiten dela. Aitzitik, "Mundu mailako defizit egoera hori konpontzeko, Osakidetzak kudeaketa ona egin zuela" esaten duela epaiak argudiatu du Murgak.
Kutsatu eta hildako berririk ez Nafarroan
Bestalde, pertsona bat ospitaleratu behar izan dute azken 24 orduotan Nafarroan COVID-19ren ondorioz, baina PCR proben bidez ez da kasu positibo berririk atzeman eta ez da hildakorik izan, Nafarroako Gobernuaren datuen arabera.
Test azkarretan (iraganeko infekzioa adieraz dezakete), baina, 9 positibo izan dira azken orduetan; beraz, pandemia hasi zenetik, 9.613 kasu izan dira guztira Nafarroan.
Koronabirusak 528 hildako utzi ditu Foru Erkidegoan oro har, baina 22 egun daramatzate COVID-19agatik heriotza gehiago erregistratu gabe.
Espainiako Osasun Ministerioak, bere aldetik, Estatu mailako eguneroko txostena eskaintzeari utzi dio asteburuan, eta, ondorioz, datu orokorrak datorren astelehenean eguneratuko dituzte.