Itxi

Gizartea

Koronabirusaren hondakinak

Maskara kirurgikoek 400 urte inguru behar dituzte deskonposatzeko

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Musuko kirurgikoek 400 urtera arte behar dituzte deskonposatzeko, eskularru biodegradagarriek, ostera, 30 bat urte inguru.

  • Maskara kirurgikoa. Irudia: EiTB.

    Maskara kirurgikoa. Irudia: EiTB.

Hala zehazten du Nafarroako Gobernuak, komunitate horretako Hondakinen Kontsortzioarekin batera, garatu duen ‘Ibaiko beste arrainak’  erakusketak. Iniziatiba horrek herritarrak COVID-19aren aurrean babesteko neurri nagusiez nola bota behar dituenaren inguruan sentsibilizatzea du helburu.

Gobernu foralak txosten batean helarazi duenez, musukoak eta eskularruak bizitzak salbatu eta COVID-19 gaixotasunaren zabalkundea oztopatzeko elementu garrantzitsuak bihurtu dira, baina modu egokian zaborretara bota ezean, ingurugiroarentzat arrisku handia bihur litezke. Behin erabilita, errefusaren edukiontzira bota behar dira, eta inoiz ez lurrera.

Azken hilabeteotan kaleetan edota ura arazteko makinen sarreretan aurkitutako maskara kopuruak nabarmen egin du gora. Horren harira, Nafarroako Gobernuak gogorarazi nahi izan du erabilera bakarreko musukoak polipropilenoz eginak egoten direla kasu gehienetan, erregai fosiletatik lortutako plastiko mota bat. Material horrek mikroplastikoak sortzen ditu desegiten doan heinean, eta sarritan ibai eta erreketan amaitzen dute, eta 400 urtera arte behar izaten dute deskonposatzeko.

NItrilo edo binilo oinarriarekin egindako eskularruak, bestalde, ez dira biodegradagarriak, eta latexezko oinarria dutenak, hala badira ere, 30 bat urte behar dituzte desegiteko.

‘Ibaietako beste arrainak’ pandemia garaian ere hondakinen sorrera gutxiagotzea posiblea eta beharrezkoa dela gogorarazteko sortu den proiektu bat da. Horrenbestez, erabilera bakarrekoak baino, berrerabilgarriak diren produktuak erabiltzeko deia egin die herritarrei.

Erakusketarekin batera margotzeko  2.500 koaderno ere egin dituzte ilustraziorik esanguratsuenak jasotzeko, eta horiek Nafarroako hainbat ospitaletan dauden umeei banatuko zaizkie.