Gizartea
Bainurako guneak
Eusko Jaurlaritzak bainurako guneak ezarri ditu Bermeoko portuan
eitb.eus
Martillo kaian, lehorrean egoteko 600 m2 izango dira, eta bainua hartzeko 2.377 m2-ko eremua itxiko dute.
-
Bermeoko portua. Irudia: Irekia.
Portuen Zuzendaritzaren ebazpen baten bitartez, datozen hiru urteetan, udako denboraldian —ekainaren 15etik irailaren 30era—, Bermeoko portuan bainurako guneak finkatu ditu Eusko Jaurlaritzak.
Bermeoko Udalak portuan bainua hartzeko guneak edo esparruak mugatzeko eskatu zuen, eta hauek ezarri ditu Jaurlaritzak:
-Lehorrean, 600 m2, Martillo kaian
-Uretan, 2.377 m2, Martillo kaiaren ondoan
Bainurako gune horien kudeaketa eta kontrola Bermeoko Udalaren esku geratuko da. Bertan, edukierari, osasun-neurriei, segurtasun-tarteei edo portuko gunea dela kontuan hartuz horrek dituen arriskuez ohartarazteko informazioa emango duten seinaleak jarri beharko ditu Udalak.
Erabiltzaileei uraren kalitateari eta ordutegiei buruzko informazioa emango die, eta uretan xaboia edo produktu kimikoak erabiltzea edo bertara isurtzea debekatuta dagoela ere jakinaraziko die. Bainua hartzeko lekuetan, kortxo-ilara bat ipiniko dute eremua mugatzeko. Hala, ontziek, tarteka, kaiaren ondoan dagoen pantalana erabili ahalko dute.
Gainera, Bermeoko Udalak bere gain hartuko du gune horren kudeaketa, kontrola eta erantzukizuna, segurtasuna, garbiketa, higiene- eta osasun-neurriak eta abar bermatzeko behar diren langileak jarrita. Bertako gorabeherak Bermeoko Udaltzaingoak kudeatuko ditu.