Gizartea
Koronabirusa
Argi ultramorearen irradiazioak leku itxietan kutsadurak murriztu litzake
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
EHUk parte hartu duen ikerketa baten emaitzen arabera, milioi gutxi batzuetako inbertsioarekin eremu itxietan lan egiten duten mila milioi pertsona inguru babestea lortuko litzateke.
-
Argi ultramorea. Irudia: EFE.
Euskal Herriko Unibertsitateak (EHUk) parte hartu duen ikerketa baten arabera, tamaina handiko leku itxiak desinfektatzeko eta koronabirusaren transmisioa eragozteko sistema eraginkor eta merkea da argi ultramorea erabiltzea. Covid-19aren transmisioa aurreikusteko metodoei buruzko txosten hori ACS Nano aldizkarian argitaratu da, eta beste hainbat ikerlarirekin elkarlanean aritu da EHUko irakasle den eta Zientzia Fotonikoen Institutuan lan egiten duen Javier García de Abajo.
Ikerketa talde horrek tamaina handiko eremu itxietan (lan zentroetan, eskoletan, osasun zentroetan edo garraio publikoko ibilgailuetan) transmisioa nola ekidin ikertu dute, leku itxietan transmisio tasa eremu irekietan baino altuagoa baita. Analisiaren ondorioetako bat argi ultramorearen bidez birusa ezgaitzea “bereziki neurri eraginkorra, inplementatzeko erraza eta ekonomikoki merkea” izan litekeela da.
Txostenak, gainera, egun eskuragarri ditugun argi ultramore UV-C iturrien inguruko informazioa ere eskaintzen du. Horren arabera, erabiltzen ari ez diren bitartean mota horretako argia aireztatze sistemetatik irradiatuta airean eta gainazaletan egon litezken SARS-CoV-2 birusak azkar desaktibatzea lortzen da.
Aldi berean, ikertzaileek teknologia horren kostu eta garapen zein inprementaziorako inbertsioak ere kontuan hartu dituzte. Talde horren arabera, milioi gutxi batzuetako inbertsioarekin eremu itxietan lan egiten duten mila milioi pertsona inguru babestea lortuko litzateke.