Gizartea
Ilargi-eklipsea
Ilargi-eklipse bat ikusteko aukera egongo da gaur munduko toki askotatik
eitb.eus
Ilargiak islatzen duen eguzki-argia partzialki estaliko du Lurrak, eta, fenomeno atmosferiko horren ondorioz, Ilargia zertxobait ilunago ageriko da.
-
Ilargi-eklipse bat. Artxiboko argazkia: Fred Espenak (mreclipse)
Igande honetan, uztailak 5, 2020ko hirugarren ilargi-eklipsea ikusi ahalko da. Zehazki, Afrikan, Amerikan, Ozeano Barean eta Europa hegoaldean zein mendebaldean izango da ikusgai, Espainiako Institutu Geografikoak bere webgunean jakinarazi duenez.
Ilargiak islatzen duen eguzki-argia partzialki estaliko du Lurrak, eta, fenomeno atmosferiko horren ondorioz, Ilargia zertxobait ilunago ageriko da.
2020an ikusiko den hirugarren ilargi-eklipsea izango da, eta aurten beste ilargi-eklipse bat gehiago ikusi ahalko da; azaroaren 30ean, hain zuzen ere. Lehenengoa joan den urtarrilaren 10ean izan zen, eta bigarrena, ekainaren 5ean. Horrez gain, abenduaren 14an eguzki-eklipse osoa ikusi ahalko da munduko zenbait tokitatik.
Oraingoan, ordea, goiz jaiki beharko da fenomeno atmosferikoa ikusteko. Izan ere, eklipsea 03:07 aldera hasiko da (UTC), eta Afrikan, Europa hegoaldean zein mendebaldean, Hego Amerikan, Ipar Amerikako hegoaldean eta ekialdean eta Ozeano Bareko hegoaldean izango da ikusgai. Hala, ilargi-eklipsea 05:49 inguruan amaitzea espero da, eta azken fasea Afrikan, Amerikan eta Ozeano Bareko mendebaldeko muturrean ikusteko aukera egongo da.
Espainiako Institutu Geografikoak argitaratutako mapa honek ilargi-eklipsea non ikusi ahalko den erakusten du: