Gizartea
Coronavirus
COVID-19aren aurka Remdesivir sendagaia merkaturatzeko gomendatu du EMAk
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
COVID-19arekin gaixorik dauden pazienteak artatzeko lehendabiziko sendagaia izango litzateke. Europako Batzordeak datorren astean onar dezake botika hori salgai jartzea.
-
Laborategi bateko langilea bat Remdesivir botikaren kutxa eskuan duela. Argazkia: EFE
COVID-19arekin gaixorik dauden helduei eta 12 urtetik gorako gazteei tratamendua emateko Remdesivir izeneko sendagaia merkaturatzea gomendatu du Medikamentuaren Europako Agentziak.
Birusak partikula gehiago sortzeko prozesua geldiarazten du eta, ondorioz, infekzioaren hedatzea moteltzen da, larri dauden pazienteak normalean baino lau bat egun lehenago sendatzea lortuz.
Hau da Europako Agentziaren filtroa gainditzen duen koronabirusaren aurkako lehendabiziko botika. Baldintza normaletan, sendagai bat merkaturatzeko prozedura luzeagoa izaten da, baina larrialdi egoera honetan, ezohiko prozedura erabili dute dena azkarrago egin ahal izateko.
Gauzak horrela, Medikamentuaren Europako Agentziaren oniritzia nahikoa da sendagai bat salgai jartzeko, azken hitza Europako Batzordeak izango badu ere.
Botika
Remdesivir sendagai esperimentala 2009an hasi ziren garatzen eta frogak ebolak jotako pertsonekin egin zituzten. Orain, Ameriketako Estatu Batuetan egindako ikerketa kliniko batek erakutsi du botika hori hartu duten SARS-CoV-2 gaitzarekin kutsatutako paziente asko lehenago sendatu direla.
Koronabirusarekin gaixotutako 1.000 lagun jarri zituzten tratamenduan, munduko 75 herrialdetan. Remdesivir farmakoa hartu zuten pazienteen % 31 hamaika egunetan sendatu ziren; plazeboa hartu zutenak, berriz, 15 egun behar izan zituzten.
Alabaina, badaude beste ikerketa batzuk botika horren eraginkortasuna zalantzan jartzen dutenak.
Edonola ere, litekeena da Europako Batzordeak datorren astean onartzea sendagai berri hori merkaturatzea. Veklury izenarekin jarriko litzateke salgai. Oraingoz ez dute argitu Europan zenbat dosi egon diren eskuragarri.