Itxi

Gizartea

Luzapen lanak

Gasteizko tranbiaren ibilbidea Salburua auzora luzatzeko lanak hasi ditu ETSk

EITB.EUS

Tarte berriak 2,5 kilometroko luzera du, bost geltoki, 30 hilabeteko egikaritze-epea eta 15,5 milioi euroko aurrekontua.

  • Topografoak Gasteizko tranbiaren luzapen lanetan. Irudia: Irekia.

    Topografoak Gasteizko tranbiaren luzapen lanetan. Irudia: Irekia.

Euskal Trenbide Sareak gaur eman die hasiera Gasteizko tranbiaren ibilbidea Salburua auzora arte luzatzeko obrei. Topografo talde batek Juan Carlos I.a etorbide inguruan proiektuaren egiaztapen-lanak egin ditu, tranbiaren ibilbidea amaituko den tokian.

Bulego-eremuetako instalazioak egitea, Salburuako Bulebarraren inguruan pilaketa-lanak hastea eta beranduago egingo diren indusketa-lanetan kaltetuak izan litezkeen hiri-altzariak kentzen hastea izango dira eman beharreko hurrengo pausoak.

Zati berriak 2,5 kilometroko luzera du, eta bost geltoki berri sortuko ditu: Santa Luzia, Iliada, Nikosia, La Union eta Salburua. Tecsa Altuna y Uria ABEEari esleitutako obra zibilak 15,5 milioi euroko aurrekontua du, eta 30 hilabeteko egikaritze-epea.

Lehen fase batean, lanak eremuaren bi puntutan egingo dira: Juan Carlos I.a etorbidean eta Salburuako Bulebarrean, Nicosia kalearen parean. Bigarren fase batean, hainbat aldaketa egin beharko dira errepideko zirkulazioan, eta beharrezko denborarekin adieraziko dira zein izango diren aldaketa horiek. Amaierako fasean, bulebarrak, egun dituen hiru erreien ordez, bi izango ditu norabide bakoitzerako.

Ibilbidea

Ibilbide berriaren lotura Unibertsitaterako hedapena egin den puntu berean egongo da. Florida eta Jacinto kaleak gurutzatzen diren biribilgunean ibilbideak eskuinera egingo du, eta bertan kokatuko da lehenengo geltokia: Santa Luzia.

Vicente Alexandre bidegurutzeko biribilgunea pasa ostean, ibilbideak Florida kaletik jarraituko du ezkerrera hartuta, eta, behin Astronomos kalearen bidegurutzeko biribilgunea pasata, ibilbidea Iliada pasealekuan barneratuko da. Bertan kokatuko da bigarren geltokia: Iliada.

Tranbia, orduan, bulebarreko galtzadari atxikituko zaio, eta zuzengune horretan beste bi geltoki izango ditu: Nikosia eta La Unión.

Behin puntu hori pasata, tranbia La Union plazatik barrena igaroko da eta Aerodromo pasealekutik jarraituko du ibilbidea, oinezkoen eremu batean barrena. Azkenik, tranbiak Juan Carlos I.a etorbidean barrena jarraituko du, eta bertan, auzoaren erdialdean kokatuko da Salburua geltokia.