Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Bizkaiko egoitzetan bost erabiltzaile daude kutsatuta eta Birjinetxen 15

Agentziak | Erredakzioa

Birjinetxe unitate espezializatuak 15 adineko ditu kutsaturik; 1.606 egoiliarrek, berriz, gaixotasuna gainditu dute eta negatibo eman dute probetan.

  • Adineko egoitza baten irudia

    Bizkaiko egoitzetan 18 langileek positibo eman dute. EITB.

COVID-19arekin kutsatuta dauden Bizkaiko adinekoen egoitzetako erabiltzaileak bost dira, eta horietatik hiru ospitalean daude. Gainera, koronabirus bidezko infekzio kasuak artatzeko Birjinetxeko unitate soziosanitario espezializatuak 15 adineko ditu; 1.606 egoiliarrek, berriz, gaixotasuna gainditu dute eta negatibo eman dute proban.

Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Saileko Ikuskaritza eta Kontrol Zerbitzura helarazitako datuen arabera, astelehenean, ekainak 22, lanaldia amaitutakoan, adinekoentzat baimendutako 155 egoitzetatik bik koronabirusa baieztatuta zuen erabiltzaileren bat zuten.

Bizkaiko egoitza-sareak 10.748 plaza ditu, eta horietatik bost erabiltzaile COVID-19arekin kutsatuta daude, duela 48 ordu egindako zenbaketaren arabera. Horietatik hiru ospitalean daude (aurreko bi egunetako paziente berberak dira).

Bestalde, 1.606 dira gaixotasuna gainditu duten eta proban negatibo eman duten egoitzetako erabiltzaileak, aurreko zenbaketan baino bat gehiago.

Gainera, Birjinetxeko unitate soziosanitario espezializatuan 15 adineko daude kutsatuta, duela bi egun baino bat gehiago. Horietatik hamaika egoitza-zentroen sareko erabiltzaileak dira, eta lau pertsona berrogeialdia egiten ari dira ospitaleratu ostean.

Langileak

Bizkaiko egoitzetan 18 langilek eman dute positibo, aurreko zenbaketan baino bi gehiago. Beste 93 langile isolamenduan daude, baina COVID-19ren baieztapenik gabe, aurreko balantzearekin alderatuta hamar gehiago.

Ekainaren lehen hamabostaldiaren amaieran bildutako datuen arabera, pandemia hasi zenetik 290 erabiltzaile hil dira koronabirusarekin Bizkaiko egoitza-sarean, eta 32 kasu susmopean daude.