Itxi

Gizartea

Koronabirusa

"Normaltasun berria"n errespetatu beharreko neurriak, EAEn

eitb.eus

'Bizi Berri' programan jasotako neurriak hartu dira oinarri. Berritasunen artean, haur-parkeen eta dantzalekuen irekiera.

Haurrak parkeetara itzuliko dira

Gauerdiaz geroztik, Euskal Autonomia Erkidegoa "normaltasun berria" deiturikoan dago. Ildo horretatik, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako eta Azpiegituretako sailburuak etapa berria arautzen duten baldintzen berri eman du, EAEn deseskalatze prozesuaren 3 fasea amaitutzat eman ondoren.

Tapiak azaldu duenez, neurriak "Bizi Berri" egitasmoan oinarrituta daude, eta Nekane Murga Osasun sailburua arduratu da neurriok agindu batean biltzeaz. Jarraitu beharreko irizpideak azaldu aurretik, sailburuak berretsi du maskaren erabilera eta eskuen garbiketa indartu behar direla, eta metro eta erdiko distantzia zaintzeko arauari eutsi.

Hauek dira kontuan izan beharreko neurriak:

- Garraio publikoa: Maskarak erabili behar dira, eta % 100ean jarriko dira martxan zerbitzu publiko guztiak, kaleko igogailuak eta funikularrak, esaterako.

- Beilategiak: 30 pertsona gehienez toki itxietan eta 75 toki irekietan. Gurtza-eremuen edukiera % 75era mugatuko da.

- Ostalaritza, turismoa, merkataritza, elkarteak: Ez da afororik egongo, baina 1,5 metroko distantzia zaindu beharko da. Merkataritza-zentroetako aisialdirako guneetan % 60koa izango da aforoa. Buffet edo kokteletan, 25 pertsona bildu ahal izango dira gehienez.

- Hotelak: Eremu komunak irekiko dira, edukiera mugarik gabe. 

- Gaueko aisialdia eta dantzalekuak: Dantzalekuak irekiko dira, baina mahaietan eserita egon beharko da. Metro eta erdiko distantzia zaindu beharko da.

- Kultur ekitaldiak: Ikus-entzuleak eserita egon beharko dira, aurrez izendatutako tokietan.

- Kirol ekitaldiak: Aire librean, gehienez, 1.000 pertsona. Leku itxietan, 300 pertsona gehienez, eta edukieraren % 60ko muga errespetatuta.

- Haur-parkeak: Ireki egingo dira. Aforoa mugatuta dagoen kasuetan, pertsona bakoitzak 4 metro koadroko eremua izan beharko du, eta garbitasuna zaindu beharko da.

- Txartelarekin ordaintzea sustatuko da, eta 65 urtetik gorakoei lehentasuna ematen saiatu beharko da.

- Aire librean egiten diren azoketan, ezingo dira ohiko postuen % 60 baino gehiago ireki, baina udalek eremuak handitu ahalko dituzte muga hori konpentsatzeko.

- Autoeskoletan, gehienez ere, 25 ikasle egongo dira, eta maskara erabili beharko da autoan.

- Liburutegiek ohiko zerbitzua eskainiko dute, % 60ko edukierarekin, eta utzitako liburuak gutxienez astebete egon beharko dira gordeta erabiltzaileak entregatu ostean.

- Museoak ireki ahalko dira, baina areto bakoitzean % 60ko edukiera errespetatuta.

- Kirol instalazioetan ere, igerilekuetan tarteko, gehienezko edukiera % 60koa izango da. Aldagelak eta dutxak erabili ahalko dira, baina babes-neurriak eta metro eta erdiko distantzia errespetatuta.

- Aldundiek eta udalek hondartzetan edukiera-mugak jarri ahalko dituzte segurtasun-tartea zain dadin. Horretarako, hondartzetan egoteko denbora-mugak edo aparkalekuko sarbideak kontrolatu ahalko dituzte.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.