Gizartea
KORONABIRUSA
Nafarroako haur-eskolak ekainaren 22an irekiko dituzte berriz
EITB.EUS
Bizikidetza egonkorreko taldeak ezartzen dira, ikasleek eta hezitzaileak osatuak, eta taldeen arteko elkarrekintza mugatzen dute.
-
Bi ume eskolara bidean. Artxiboko irudia: EFE
0-3 zikloa ematen duten haur-eskola publikoak, Hezkuntza Sailak finantzatutako Nafarroako haur-eskolak, baimendutako ikastetxe pribatuak eta Gizarte Eskubideen Departamentuaren menpe dauden 0 eta 3 urte bitarteko ikastetxeak datorren astelehenean, ekainaren 22an, itzuliko dira irakaskuntza jarduera presentzialera.
Haur-eskoletan aurrez aurreko jarduerara itzultzea alarma-egoeraren amaieraren eta Nafarroako Foru Komunitatearen normaltasun berriaren ondorio zuzena da. Une horretatik aurrera, indarrean egoteari utziko diote martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuan hartutako neurriek. Neurri horien ondorioz, eten egin behar izan zen aurrez aurreko hezkuntza-jarduera oro, unibertsitate-irakaskuntza barne, baita beste ikastetxe publiko edo pribatu batzuetan emandako beste edozein hezkuntza- edo prestakuntza-jarduera ere.
Hori dela eta, 2019-2020 ikasturterako eskola egutegia amaitu ez den ikastetxeetan, datorren astelehenetik aurrera, hezkuntza-jarduera presentziala berreskuratuko da. Hala ere, eskolak Hezkuntza Sailak ezarritako eta Osasun Sailak gainbegiratutako higiene-neurriekin hasiko dira, eta 28/2007 Foru Dekretuan adin tarte bakoitzerako finkatutako gehienezko ikasle kopuruari buruzko argibideei jarraituz.
Ildo horretatik, haur-eskoletan gehienez ere 8 ikasle egongo dira urtebeteko unitateetan, 1 eta 2 urte bitarteko ikasle-unitateetan 12, eta 16 adingabe 2 eta 3 urte bitarteko haurren taldeetan.
Bizikidetza egonkorreko taldeak
Irakaskuntza- eta hezkuntza-lana egitean, antolaketa-neurri egokiak hartuko direla ziurtatu beharko da, jendetza pilatzea saihesteko eta gutxienez 1,5 metroko segurtasun-tarteari eutsiko zaiola bermatzeko. Segurtasun-distantzia hori mantendu ezin denean, kutsatze arriskuak prebenitzeko higiene-neurri egokiak hartuko dira.
Haur Hezkuntzako lehen zikloan, ikasleek eta hezitzaileak osatutako bizikidetza egonkorreko taldeak antolatuz gauzatuko dira neurri horiek. Talde horiek beren jarduera gela berean garatuko dute beti, eta taldeen arteko elkarrekintza mugatuko dute.
Bizikidetza egonkorreko talde horiek ikastetxeko beste talde batzuekiko elkarrekintza saihestu beharko dute, kontaktua ahalik eta gehien mugatuz. Hori dela eta, ez da beharrezkoa pertsonen arteko distantzia zorrotz mantentzea. Horri esker, gainera, kontaktuak azkar eta errazago arakatu ahal izango dira, kasuren bat gertatuz gero.
Hala ere, zenbait neurri gehigarri aurreikusten dira kontaktuak mugatzeko eta norberaren prebentzioa hobetzeko, baita zentroaren garbitasunaren eta aireztapenaren arloan ere.