Itxi

Gizartea

Hezkuntza

Auzitegiak bertan behera utzi du Skolae programaren ezarpena prozedura akatsengatik

agentziak | erredakzioa

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak ez du Skolae hezkuntza programaren edukia aztertu, baina izapideetan akatsak egon direla ebatzi du.

1:25
Oraingoz bertan behera geratu da Skolae programa

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi du Skolae hezkuntza programa ezartzeko Hezkuntza Departamentuak emandako agindua prozeduran akatsak daudelako.

Auzitegiaren arabera, "legeak ezarritako prozedura erabat" baztertu zuen Hezkuntza Departamentuak agindua ekintza administratibo bezala izapidetu zuenean. Izan ere, xedapen orokor edo araudi bezala izapidetu behar omen zen, egitasmoa zeharlerro moduan ezartzen delako curriculumean.

Auzitegiak, hala ere, ez du programaren edukia aztertu, baina Iruñeko bi ikastetxetako guraso batzuek aurkeztutako helegitearen zati bat aintzat hartu du.

Auzitegiaren arabera, Skolae aurrera eramateko, aurreproiektua eta memoria bat edo hainbat aurkeztu behar ziren, azterketa ekonomikoarekin, gaiak eragiten dien departamentuen kontsultarekin eta proposatutako gaien egokitasunari eta erregulazioari buruzko informazioarekin batera.

Ebazpenaren aurka kasazio helegitea aurkezteko aukera dago oraindik.

Helegiteak

Gurasoek Nafarroako Gobernuaren bi erabakiren aurkako salaketak jarri zituzten. Lehena, 2018-2019 ikasturtean zentro publikoetako antolakuntza eta funtzionamendua arautzen zuenaren aurka; eta bigarrena, Skolae Nafarroako zentro guztietara zabaltzearen aurka.

Programaren edukiari dagokionez, bertan behera uztea eskatzen zuten, Skolaek gurasoen eta adingabeen oinarrizko eskubideak urratzen dituela iritzita.

Horren aurrean, Nafarroako Gobernuak salaketak ez onartzea eskatu zuen, gurasoek aipatu erabakiak ezin zituztelako salatu, baina Auzitegiak uste du zilegitasuna dutela, oinarrizko eskubideen urraketa bat aipatzen duten heinean.

Gainera, Nafarroako Gobernuak argudiatu zuen helegitea atzera bota beharra zegoela bide administratiboa ez zutelako amaitu eta, ondorioz, agindua eman zuen erakundearen aurka jo zitekeelako.

Bi erabakiak aztertuta, Auzitegiak ondorioztatu du lehenengoak ez duela araudi izaerarik eta, horregatik, inpugnatu egin zitekeela.

Bigarren erabakiari dagokionez, epaileek azpimarratu dute ez duela zehazten zein helegite eta zein organotan aurkez daitekeen helegitea, eta besteak bez bezala, ez zen Aldizkari Ofizialean argitaratu.

Horregatik, Auzitegiak uste du Gobernuak ezin duela argudiatu salatzaileek helegitea erakundearen aurrean aurkeztu behar zutenik, "ezin baitzuten erabakiaren berri formalki izan".

Bi helegite, atzera

Bestalde, Auzitegiak atzera bota ditu Plataforma Nacional 18 Mk eta Concapa elkarte katolikoak Skolaeren aurka aurkeztutako helegiteak.

Lehenengoak salatzen zuen Skolaek gurasoen eta adingabeen oinarrizko eskubideak urratzen dituela, "genero ideologia deiturikoaren doktrinamendu esplizituarekin".

Aretoak ez du planteamendu horien sakoneko azterketa egin, aintzat hartu duelako Nafarroako Gobernuaren argudioa, hau da, salatzailea ez dela "Nafarroako eskola baten jabea, ez guraso elkarte bat, ez irakasleena, ez Skolae programa jasoko duten ikasleen lege ordezkaria".

Concapak aurkeztutako helegitearen kasuan, prozedura akatsengatik bota du atzera helegitea.