Itxi

Gizartea

Zirkulazioa

Ireki dute N-I errepidea Idiazabalen, kamioi-istripu batengatik itxita egon ostean

agentziak | erredakzioa

Ezbeharraren ondorioz, kamioi-gidaria arin zauritu da eta Zumarragako ospitalera eraman dute. Ilarak sortu dira itxita izan den bitartean.

Istripua izan duen kamioia

Kamioi bat irauli da gaur goizean N-I errepidean Etzegarate gainaren inguruan, Idiazabalen (Gipuzkoa), eta, ondorioz, errepidea itxi behar izan dute Irungo noranzkoan, eta ibilgailuak Urtsuarandik bideratu dituzte zenbait orduz, baina errepidea irekitakoan berehala desagertu dira ilarak, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez. Kamioizalea arin zauritu da.

Ezbeharra 05:10 aldera gertatu da. Paketeak zeramatzan Scania markako ibilgailua errepidetik atera eta irauli egin da.

Gidaria arin zauritu da, eta Zumarragako ospitalera eraman dute. Ibilgailua, berriz, errepidean gurutzatuta geratu da, eta zamaren zati bat erori zaio.

Larrialdietarako zerbitzuek zauritua artatu ostean, Urtsuarandik bideratu dute trafikoa, eta horrek kilometrotik gorako auto-ilarak eragin ditu gaur goizeko lehen orduetan.