Gizartea
Koronabirusa
Pandemia hasi zenetik lehen aldiz ez dago COVID-19 kasurik Arabako erresidentzietan
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Foru Aldundiaren arabera, 415 egoiliar sendatu dira. Gainera, azken hilabetean ez dute kasu positiborik detektatu eta hiru astetan ez da heriotzarik izan.
-
Emakume nagusi bat eta bi langile Gasteizko egoitza batean. Argazkia: EFE
Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak jakinarazi duenez, koronabirusaren pandemia hasi zenetik lehen aldiz Arabako zahar-etxeetan ez dago inor COVID-19arekin gaixorik.
Aldundiak bildutako datuen arabera, azken egunetan pertsona bakarra egon da koronabirusak jota, baina ekainaren 13an sendatu zen. Beraz, une honetan, Arabako adinekoen egoitzetan eta Foru Aldundiaren etxebizitza komunitario eta tutoretzapeko apartamentuetan ez dago inor COVID-19 gaitzarekin.
Gonzalezek zehaztu duenez, pandemia hasi zenetik 415 pertsona sendatu dira, azken 36 egunetan ez da kasu positiborik detektatu eta hiru astetan ez da inor hil koronabirusagatik.
Osasun krisi honetan, guztira, 140 adineko hil dira: 68 ospitalean eta gainerakoak egoitzetan.
Hiru kasu Gipuzkoako zahar-etxeetan
Gipuzkoako erresidentzietako egoerari dagokionez, atzo adineko bat hil zen, baina gaur ez da COVID-19ak eragindako heriotzarik izan, ezta kasu positibo berririk ere.
Foru Aldundiak azaldu duenez, une honetan hiru pertsona daude koronabirusarekin gaixorik, eta hirurak Aretxabaletako Debagoiena egoitzan bizi dira. Eibarko ospitalera eraman dituzte.
Orain arte, guztira, 392 adineko sendatu dira eta 168 hil dira koronabirusak jota Gipuzkoako erresidentzietan.