Gizartea
KORONABIRUSA
Murgak esan du osasun egoera "oso ona" dela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan
Agentziak | Erredakzioa
Azken orduetan lau hildako eta zortzi positibo izan dira Euskal Autonomia Erkidegoan. Bigarren egunez jarraian, Nafarroak ez du positibo eta hildako gehiagorik izan.
Nekane Murga Osasun sailburuak esan du pandemiaren egoera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan "oso ona" dela eta deseskalatzearen hirugarren fasearen eboluzioa "ona" izan dela. Gauzak horrela, Iñigo Urkullu lehendakariak alarma-egoera indargabetzea erabaki lezake datozen egunetan.
Koronabirusaren ondorioz, azken orduetan lau pertsona hil dira Euskal Autonomia Erkidegoan; beraz, 1.596 heriotza izan dira guztira. Horrez gain, zortzi kasu berri baieztatu dira PCR proben bidez, Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera (igandeko 24:00ak arte bildutakoak).
Murga sailburuak goizean egindako agerraldian adierazi duenez, Txagorritxuko Ospitalean (Gasteiz) eta Basurtuko Ospitalean (Bilbo) atzemandako bi fokuen egoera "kontrolpean dago jada".
Azken orduetan, hiru pertsona gehiagok (profesional bat eta bi bisitari) eman dute positibo Basurtuko Ospitalean, eta beste lauk (bi gaixo, profesional bat eta bisitari bat) Txagorritxuko Ospitalean. Ildo horretatik, dagoeneko 42 dira Basurtun kutsatutako pertsonak (15 profesional, 12 gaixo eta 14 bisitari edo gertuko). Txagorritxun, berriz, bederatzi dira orain arte kutsatutakoak (lau gaixo, profesional bat eta lau bisitari).
"Egunotan ikusi dugun moduan, kutsatze batzuk egon daitezke, baina detekzio goiztiarrak eta hartutako neurriek birusa zabaltzea saihestea ahalbidetu digute. Zaintza eta kontrol sistema eraginkorra izan da, eta hori da gure sendotasunik nabarmenena", nabarmendu du Osasun sailburuak.
Foku horiek "arreta dei bat" izan behar dute, Murgaren hitzetan, eta ez dela arreta jaisteko unea gaineratu du. "Etengabeko zaintza aktiboko fase batera igaro gara", azpimarratu du Osasun sailburuak. Hala, koronabirusa zabaltzea saihesteko prebentzio neurriak hartzea herritarren ardura dela adierazi du. "Egoera ona da, baina praktikan jarri behar dugu egunotan ikasitakoa: maskara erabiltzea eta segurtasun-distantzia mantentzea ezinbestekoa da", azpimarratu du.
Bestalde, EAEn kutsatzeen indizea batetik gorakoa da (1,33). Zehazki, kutsatu bakar batek batez beste zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten du horrek. Atzo, 1,52koa zen indize hori, eta joan den astean, berriz, batetik gertuago zegoen (1,19).
Horrela, datuek aldaketa handirik gabe jarraitzen dute atzo zabaldutakoekin alderatuta. Osasun Sailak jakitera eman duenez, gaitza atzemateko 2.870 detekzio-proba egin zituzten atzo: 2.809 PCR eta 61 test serologiko.
Azken orduetan, zortzi kasu atzeman dituzte EAEn PCR proben bidez (13.600 guztira) eta bi test serologikoen bidez (6.823), Eusko Jaurlaritzaren arabera; beraz, 20.423 kasu baieztatu dira orain arte.
Datuak lurraldez lurralde ikusita, azken orduotan baieztatu dituzten kasu gehienak (lau) Bizkaian atzeman dituzte. Hain zuzen ere, Bizkaia da orain arte PCR proben bidez positibo gehien detektatu dituen lurraldea (7.853 guztira). Testuinguru horretan, Araban hiru kasu gehiago baieztatu dituzte azken orduetan (3.313 guztira) eta, Gipuzkoan, berriz, gaitza atzemateko egindako detekzio-probetan positibo eman duen beste kasu bat atzeman dute. Gipuzkoan izan dira orain arte gutxien (2.277 guztira).
Hala, Bizkaian baieztatutako kasuei dagokienez, Bilbon (bat), Ortuellan (bat), Otxandion (bat) eta Portugaleten (bat) bizi dira azken 24 orduetan PCR bidez egindako probetan positibo eman duten pertsonak. Araban baieztatutako hiru kasuei dagokienez, Laudion (bat) eta Gasteizen (bi) atzeman dituzte kasu berriak. Gipuzkoan, berriz, Aretxabaletan (bat) baieztatu dute positibo berria.
Horrez gain, Euskaditik kanpo bizi diren herritarrei egindako probetan 157 kasu positibo atzeman dituzte orain arte EAEn, baina horietako bat ere ez azken egunetan.
Osasun arloko krisi hau hasi zenetik, Euskadin 2343.905 PCR proba eta 125.307 test azkar egin zaizkie 212.285 pertsonari (pertsona askori behin baino gehiagotan egin dizkiete probak).
PCR proben bitartez, pertsona batek une horretan bertan birusa duen edo gaixo dagoen jakin daiteke. Test azkarrek, berriz, pertsona bat kutsatuta egon den ala ez jakinarazten dute, baina ez dute zehazten gaixotasuna garatu duen, oraindik duen edo dagoeneko sendatuta dagoen; izan ere, test azkarrek pertsona batek garatutako immunitatea edo sortutako antigorputzak neurtzen dituzte, eta, beraz, iraganeko infekzio bat isla dezakete.
Bestalde, Osasun Sailak azaldu duenez, azken 24 orduetan pertsona batek jaso du alta ospitalean; guztira 4.233 gaixok jaso dute (% 20,7). Halaber, kasu positibo negatibotuak, hau da, PCR probetan positibo eman ondoren negatibo eman dutenak, hamar gehiago dira, 13.379 guztira (% 65,5).
Osasun Sailaren esanetan, koronabirusaren eraginez zainketa intentsiboetako unitatean artatu behar izan dituzten pertsonen kopuruak ez du aldaketarik izan; izan ere, atzo zabaldutako datuekin alderatuta, ez dute paziente gehiago artatu behar izan. Horrela, egun COVID-19ak erasandako 18 pertsona daude EAEko zainketa intentsiboetako unitateetan.
Orain arte, guztira 1.596 pertsona hil dira koronabirusaren ondorioz EAEn (gaixotu diren guztien % 7,8), Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez.
Azken orduetan, pertsona bat ospitaleratu dute bakarrik COVID-19agatik, eta, Osasun Sailaren esanetan, gaur egun 198 pertsona daude ospitaleratuta (gela arruntetan 180 daude, eta ZIUetan 18).
*OHARRA*:
Gaurko txostenak aldaketa bat jasotzen du sendatutako pertsonen kopurua jakinarazteko moduan. Batetik, test negatiboa duten pertsonen kopurua bereizten da (PCR bidez positibo eman ondoren, azkenean negatibo eman dute), eta, bestetik, ospitalean alta jaso dutenen kopurua. Osasun Sailak uste du modu hori zehatzagoa dela; izan ere, baliteke, adibidez, ospitalean alta eman zaien pertsonak egotea, eta haien PCRak positibo izaten jarraitzen du, baina ez du ospitaleratuta egon behar.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak zabaldutako txostena hainbat profesionalek egiten dute, eta informazioa lantzeko prozesuaren fase ezberdinetan beharrezko diren analisiez arduratzen da bakoitza. Hala, zabaldutako informazioa etengabe berrikusten da, eta zuzenketa txikiak egiten dira egunero.
Hildako eta positiborik gabeko bigarren jardunaldia Nafarroan
Bigarren egunez jarraian, Nafarroak ez du positibo berririk eman, ezta hildakorik ere, COVID-19aren ondorioz.
Horrela, Foru Gobernuak emandako datuen arabera, PCR proben bidez baieztatutako kasu positiboak 5.352 dira eta hildakoak 518.
Ospitaleratzeei dagokienez, azken orduetan ez da berririk izan, eta 32 lagunek jarraitzen dute gela arruntetan, 6k zainketa intentsiboetako unitateetan eta bik etxean.
Bestalde, Osasun Ministerioak 5311 positibo eta 490 hildako eskaintzen jarraitzen du, azken egun horretan ez baita aldaketarik izan.
Astebetean 25 pertsona hil direla eta kutsatze berriak 40ra jaitsi direla jakinarazi du Osasun Sailak
Osasun Ministerioak 25 hildako zenbatu ditu astelehen honetan koronabirusarekin zazpi egunetan, atzo baino bat gutxiago, eta bederatzigarren egunez jarraian 27.136 hildako zenbatu ditu; 24 ordutan atzemandako kutsatzeek, berriz, behera egiten jarraitzen dute eta gaur 40 izan dira, igandean baino zortzi gutxiago.
Katalunia izan da kasu berrien artean lehena, azken 24 orduetan 17 pertsona eta hildako bat atzeman baitituzte; Madrilek, berriz, 12 infekzio eta sei hildako izan direla jakinarazi du, Gaztela eta Leonek baino bi gehiago.
Ceuta eta Melillaz gain, zortzi autonomia erkidegok ez dute positibo berririk eman atzo: Asturias, Balearrak, Kanariak, Kantabria, bi Gaztelak, Murtzia eta Nafarroa. Andaluziak, Extremadurak, Galiziak, Euskadik eta Errioxak bat diagnostikatu dute; eta Aragoik eta Valentziak, hiru.
Eta sei dira azken astean hildakorik izan ez dutenak: Balear Uharteak, Kanariak, Kantabria, Galizia, Nafarroa eta Errioxa. Aldiz, Gaztela-Mantxak, Asturiasek eta Euskadik hiruna, eta Andaluziak, Aragoik, Extremadurak eta Murtziak bana.
Horrela, Espainiak 244.109 positibo zenbatun ditu, hau da, kaltetu gehien izan dituen munduko bosgarren herrialdea da, Estatu Batuen (2.063.812), Brasilen (867.624), Errusiaren (537.210) eta Erresuma Batuaren (295.889) atzetik.
Maiatzaren 11n hasitako pandemiaren diagnostiko-, zaintza- eta kontrol-estrategia berriaren araberako estatistika ematen hasi eta 22 egunera, Osasun Sailak ohartarazi du erkidegoek beren datuak banan-banan baliozkotzen jarraitzen dutela beren serieak zuzentzeko, eta, beraz, "baliteke desadostasunak egotea aurreko egunen jakinarazpenari dagokionez".
Azken 14 egunei erreparatuta, 4.439 kutsatze baieztatu dira, eta intzidentzia-tasa metatua 9,44 da.