Gizartea
KORONABIRUSA
Hasi da Bizkaiko hondartzetako denboraldia
eitb.eus
Bizkaiko hondartzek edukiera murriztua izango dute, eta debekatuta egongo da 11:00etatik 20:00etara kirola egitea.
Astelehen honetan, ekainak 15, martxan jarri da Bizkaiko hondartzen denboraldia, eta, horrekin batera, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bizkaiko kostaldeko udalek egokitu eta atondu dituzten hareatzak erabiltzeko eta arautzeko esparru orokorra aplikatuko da, COVID-19a ez hedatzeko.
Aurtengo denboraldian zehar, hondartzak irekitzeko ohiko ordutegia izango da, 11:00etatik 20:00etara, eta denbora horretan ezingo da hareatzetan kirolik egin (palak, boleibola, futbola...), osasun agintariek unean-unean ezarritako segurtasun-distantzia errespetatzen dela bermatzeko.
Bizkaiko Foru Aldundiak etengabe emango du hareatzen edukieraren eta egoeraren berri bere webgunearen eta BizkaiUp aplikazioaren bidez, eta hondartzara joan aurretik tresna digital horiek erabiltzeko eskatu die herritarrei, osasun-agintariek ezarritako baldintzak betetzen direla bermatzeko. Hondartzen egoerari buruzko informazioa eitb.eus webgunean ere eskainiko da.
Hondartzan, beste espazio batzuetan bezala, osasun-agintariek ezarritako segurtasun-distantzia zaindu beharko da, eta bertan hiru ordu baino gehiago ez egotea gomendatzen da, gune horiez ahalik eta jende gehienak gozatu ahal izateko, txandaka. Bandera laranja batek hareatzen okupazio maila altua dela adieraziko du, eta mezu hori megafoniaren bidez ere zabalduko da.
270 pertsona arduratuko dira denboraldi honetan hondartzetako segurtasuna eta garbitasuna zaintzeaz. Lagundutako bainu zerbitzua Arenan, Ereagan, Plentzian, Mundakan, Lekeition eta Ondarroan izango da uztailaren 1etik abuztuaren 31ra bitartean, eta osasun agintariek ezartzen dituzten prebentzio-neurriak zainduko dira martxan jartzen dutenean.
''Garrantzitsua da hondartzetako aforoa nola dagoen ikustea etxetik atera aurretik'':
BizkaiUP aplikazioak hondartzei eta aldez aurreko hitzorduaren eskaerei buruzko informazioa eskaintzen du
BizkaiUP aplikazioak hondartzei buruzko informazioarekin lotutako zerbitzu berriak eskainiko ditu gaurtik aurrera, baita foru erakundearekin kontsultak eta izapideak egiteko aurretiko hitzordua erreserbatzeko aukera ere.
Aplikazioak aukera ematen du aurrez aurreko arreta eskatzeko hitzordu bat erreserbatzeko berrogeita hamar izapide baino gehiagori dagokienez (tributuak, nekazaritza, katastroa, laguntzei buruzko informazioa, eskabideen erregistroa, ziurtagiriak ematea…). Aurrez aurreko hitzordu bat erreserbatzeko, egin nahi den izapidea hautatu behar da, eta egin nahi den eguna, ordua eta arreta-bulegoa aukeratu.
Era berean, Aldundiaren aplikazioak atal bat batzen du hondartzei buruzko informazioarekin. BizkaiUP-en bidez, hondartza bakoitzaren edukiera jakin daiteke, baita hondartza bakoitzaren berezitasunekin eta udalek unean-unean har ditzaketen neurriekin lotutako bestelako informazioa ere, hala nola, aparkalekuen zati bat ixtea, hondartza dinamikoa ezartzea edo sarbideekin lotutako gaiak.