Itxi

Gizartea

COVID-19

Nafarroako egoitza, haurtzaindegi eta ostalaritzak neurri leunagoak izango dituzte

Agentzia | Erredakzioa

Adinekoen egoitzetan koronabirusik ez duten pertsona guztien ibilaldiak baimenduko dituzte astelehenetik aurrera. Gainera, tabernetan barran kontsumitzea posible izango da.

  • Iruña. Artxiboko argazkia: EFE

    Iruña. Artxiboko argazkia: EFE

Nafarroan, ekainaren 15etik aurrera, adinekoen egoitza, haurtzaindegi eta ostalaritza sektorean neurri leunagoak aplikatuko dituzte deseskalazearen 3 fasean.

Konkretuki, adinekoen egoitzetan koronabirusik ez duten pertsona guztien ibilaldiak baimenduko dituzte. Hala ere, paseoak baldintzaturik egongo dira; izan ere, ibilaldiak modu ordenatuan, mailakatuan eta beharrezko prebentzio neurriekin egitea bermatu behar dute zahar-etxeek.

Foru Gobernuak jakitera eman duenez, egoitzentzako deseskalatze planaren zirriborroa sektoreko ordezkaritzari entregatu zioten iragan ostiralean. Aldi berean bi pertsonak adineko bat bisitatzea posible izango da, baita oraindik positiboren bat dagoen egoitzetan ere. Taldeko jarduerak ere (estimulazio kognitiboa, errehablitazioa eta aisialdia) berriro martxan jarriko dituzte.

Bestalde, haurtzaindegiek % 60 edukiera izango dute astelehenetik aurrera: 0-1 urteko bost adingabeko, 1-2 urteko zortzi adingabeko eta 2-3 urteko hamar adingabeko hezitzaile bakarra. Talde barruan adin tarte ezberdinetako adingabeak baldin badaude, ratioen batez bestekoa egin beharko da.

Lanaldi osoan zehar profesional bakoitzak adingabeen talde bakarrarekin eta toki berdinean lan egitea lehenetsiko da, birusa sakabanatzeko aukerak eta harremanak murrizteko helburuarekin.

Horregatik, ez dira zaintzaileak trukatuko, jarduera modu egokian aurrera eramateko eta prebentzio neurriak hartzeko beste profesional baten laguntza ezinbestekoa den kasuetan salbu, haurtzaindegien elkarteak eskatu bezala.

Azkenik, taberna, jatetxe eta kafetegietako barran kontsumitzea posible izango da, beti ere bezeroen edo bezero taldeen artean 1,5-2 metroko gutxieneko distantzia gordetzen baldin bada. Neurri berdina elkarte gastronomikoei eta peñei aplikatuko zaie.