Gizartea
COVID-19
Txerto baten 400 milioi dosi prest egon daitezke urte bukaeran, Europan
Agentzia | Erredakzioa
Italia, Alemania, Herbehereak eta Frantziak AstraZeneca enpresarekin kontratua sinatu dute. Oxfordeko Unibertsitatean garatzen ari diren txertoa da.
-
EiTBko bideo batetik ateratako irudia.
Roberto Speranza Italiako Osasun ministroak jakitera eman duenez, Italiak berak, Alemaniak, Herbehereak eta Frantziak AstraZeneca enpresarekin kontratua sinatu dute, 400 milioi txerto dosi hornitzeko. Gainera, txertoaren dosiak urte bukaeran prest egon daitezke.
Oxfordeko Unibertsitatean garatzen ari diren txertoa da. AstraZeneca talde farmazeutikoa eta IRBM italiarra parte hartzen ari dira proiektuan. Txertoaren “saiakuntza aurreraturik dago, eta udazkenean amaitzea espero dute, aurreneko dosien banaketarekin urte bukaeran hasiz”, azaldu du ministroak.
“Gaurko sinadura Italiarentzako eta Europarentzako etorkizun oparoko lehen aurrerapauso bat izan daiteke. Txertoa COVID-19arentzako behin betiko konponbide bakarra da. Nire ustez, ondasun publiko orokorra izan beharko luke beti, guztien eskubidea, ez gutxi batzuen pribilegioa”, gaineratu duenez.
Europako Batzordeak COVID-19aren aurkako txertoak lehenbailehen eskuratzeko sistema bateratu bat diseinatzearen alde agertu ziren Europar Batasuneko (EB) herrialdeak, eta eskuragarri daudenean, aldi berean Estatu kideen artea banatzea.
Orain arte koronabirusak 425.000 pertsona baino gehiago hil ditu mundu osoan, Johns Hopkins unibertsitateko datuen arabera. Gainera, ia 7.630.000 pertsona kutsatu ditu.
Munduko herrialderik astinduena AEB da. Gaixotasunak 115.000 pertsona hil ditu Ameriketako Estatu Batuetan, eta bi milioi kasu baino gehiago dira dagoeneko. Italian 34.000 hildako zenbatu dituzte jadanik.
Oxfordeko Unibertsitatea prestatzen ari den txertoan, Erresuma Batuko 5.000 boluntario osasuntsu parte hartzen ari dira, eta beste hainbeste Brasilen.
Hala ere, txertoaren 3 fasea Brasilen egiaztatuko dute, Europan birusa azkenaldian izaten ari den zirkulazioarekin txertoaren eraginkortasuna aztertzea zailagoa delako zientzialarientzat.
Txertoaren eraginkortasunari buruzko 3 fasearen emaitzak iraila bukaerarako espero dira. Bestalde, 1 faseko emaitzak aste gutxi barru argitaratuko dituzte.