Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Bakioko hondartzan igande eta jaiegunetan eguzkia hartzea debekatuta izango da

Agentziak | Erredakzioa

Beraz, ekainaren 15etik, hau da, denboraldi-hasieratik, egun horietan, herritarrek aukera izango dute soilik bainatzeko eta paseatzeko.

  • Bakioko hondartza, artxiboko irudian

    Bakioko hondartza, artxiboko irudian. Argazkia: Jose Luis Azaola.

Bakioko Udalak hondartzan eguzkia hartzea debekatuta izango du denboraldi osoan, hau da, ekainaren 15etik; hala, egun horietan, herritarrek aukera izango dute soilik bainatzeko eta paseatzeko.

Gainera, zaintza indartuko dute, bai aparkalekuetan baita hondartzaren inguruan ere, langile gehiago kontratatuta; hala, bisitarien iritsiera seguruagoa eta ordenatuagoa izango da.

Ohar bidez, Bakioko Udalak adierazi du igande eta jaiegunetan hondartza "dinamikoa" izango dela, eta paseatzeko eta bainua hartzeko aukera izango dela, hori bakarrik: "Modu estatikoan eguzkia hartzea ezin izango da".

Hondartza seguruagoa izatea helburu, eta herritar guztiek gozatu ahal izan dezaten, Bakioko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera, hainbat neurri hartu ditu, "birusa hedatu ez dadin, eta gaitza pairatzeko arriskurik handiena duten herritarrak babes ditzagun".

Denboraldi osoan, Bakiok udalerriko hainbat eragile aktibok osatutako mahai bat izango du deituta, hondartzan ezarri beharreko neurriak eztabaidatu eta adosteko. Lan-talde horrek, halaber, mezuak helaraziko dizkie herritarrei, jendea arduratsua izan dadin eta hondartzan hondakinak utz ez ditzan.

Hondartza 11:00etatik 20:00etara izango da irekita, ohi bezala, eta ordutegi horretan salbamendu- eta sorospen-zerbitzua izango da, bai eta hondartzainak ere.

Pertsona zaurgarrienek bi gune izango dituzte

Hondartzan, pertsona zaurgarrienentzako bi gune zehaztuko dituzte, eta erabiltzaileei gomendatu diete gune horiek errespetatu ditzatela, herritar zaurgarrienek segurtasun handiagoa izan dezaten.

Hondartzaren ordutegiaren barruan, erabiltzaileek gomendatutako segurtasun-tarteari eutsi beharko diote, uretan ere bai. Taldeek ere izan beharko dute hori kontuan. Segurtasun-tarteari ezin bazaio eutsi, maskara derrigorrezkoa izango da.

Gainera, gomendioa da herritarrek garbitasun-neurriak zaintzea. Hondartzan jolastea baimenduta izango da, baina ez pilotarekin, ezta taldekako jolasak egitea ere.
Koltxonetak eta antzekoak ezin izango dira erabili, baina bai itzalkinak. Behar dutenek, baimenduta izango dute aulkiak eramatea.

Segurtasun-tartea

Bizkaiko Foru Aldundiak zabaldutako hondartzainek segurtasun-tartea zaintzen dela eta hondartzaren edukiera ez dela gainditzen kontrolatuko dute. Salbamendu- eta sorospen-zerbitzuko langileen batera, informazio hori emango dute, Aldundiaren web orrian (semaforo-teknika bat erabiliz), eta BizkaiUp aplikazioan.

Udalak "ardura eta elkartasuna" galdegin dizkie herritarrei; Osasun Sailaren gomendioei jarraituta, eskaria da jendeak gehienez hiru ordu eman ditzan hondartzan. Horrela, erabiltzaile gehiagok gozatu ahalko dute.

Bakioko Udalak hondartzako sarrerak eta irteerak zehaztuko ditu, modu ordenatuan egin daitezen, eta jendetzak saihesteko. Ez da dutxa-zerbitzurik izango, eta komunak hondartzaren erdigunean izango dira. Garbitasun-neurri guztiak ezarriko dituzte, eta bi orduro garbitu eta desinfektatuko dituzte.