Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

Negatibo eman du Donostiako Jesuiten ikastetxeko kasu susmagarriak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Ikastetxeak DBH4ko eta Batxilergoko 1. eta 2. mailako eskola presentzialak bertan behera uztea erabaki du.

1:09
Donostiako Jesuiten eskola

Donostiako Jesuiten ikastetxeak DBH4ko eta Batxilergoko 1. eta 2. mailako eskola presentzialak bertan behera uztea erabaki du, nahiz eta gaixotasun horrekin bateragarriak diren sintomak zituen ikasleari egindako PCR probaren emaitza negatiboa izan.

Donostiako zentroak ohar batean azaldu duenez, balizko kasuaren berri izan ostean, "dagokion protokoloa" abiatu zuen ostegunean, eta "berehala" jarri zen harremanetan Osakidetzarekin, haren "jarraibideak" betez.

Koronabirusarekin bateragarriak diren sintomak dituen ikasleari egindako PCR probaren emaitza negatiboa dela eta, "ostegunean hartutako neurriak indarrean egoteari utzi diote, besteak beste, ikaslearekin harremanetan egon ziren gazteen familiek 14 egunez berrogeialdia egitea", Jesuitak ikastetxetik jakitera eman dutenez.

Hala ere, ikastetxeko zuzendaritza taldeak ostiral honetan egindako bileran erabaki du "DBH4ko eta Batxilergoko 1. mailako 2. mailako aurrez aurreko eskolak bertan behera uztea, eta ikasturtea etxetik amaitzea, prozesu honetan guztian erabilitako online metodologiarekin".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.